GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ Idazlea

Gerra-kazetaritza

Prestige» hondoratu eta hilabetera Muxian itzartu ninduen irratiak. «Albiste onak -esatariak- ETAren beste egunkari bat itxi dute». Titularrak diruditen minak ohiko dira Espainiako gerra-kazetaritzan. Ez dakit ohikoa den albiste guztiak, berez, artefaktuak direla ulertzea.

Albisteak ez dira errealitatea. Errealitatean oinarritutako bazkalosteko filmak, gehienez ere. Lubakitik lubakira jaurtitzen diren uhin estereofonikoak, maiz. TDT bidezko trinitrotoluenezko gezurrak, gehiegitan. Gogo txarrarekin nahastu eta napalmezko bihurtzen dira, baina gogorik onenarekin ere -kontuz!- albisteak balak dira: ez zauritu dezaketelako, baizik eta zauritu egin behar dutelako.

Kazetaritza arduratsuaren helburua ez da bakezaletasuna, ezta bala pistolan sartu eta tiro egitea ere, Espainiako kazetaritza-molde nazkagarrienak hainbestetan egin duen moduan. Kazetaritza arduratsuak bala errotatiban sartu eta irakurlearen esku uzten du. Bere inguruari buruzko galderen bala hori, kontraesanak eragingo dizkion bala hori, hiritar egingo duen botere hilgarri hori, bere kabuz ulertu beharko duen letrazko bala hori. Kazetaritzaren ardura da, era berean, «Aizu, bala bat naiz» esatea, bere botereaz hausnarketa egitea, eta tresna hori kudeatzeko bere irakurle, entzule eta ikusleak trebatu, hezi eta entrenatzea.

Albisteak ez dira egia eta, hala ere, gezurrik ez esatera behartu behar ditugu; ezin dute errealitatea kontatu eta ezin zaie beste ezer exijitu. Ia egunero haserretzen naute, ez baitut egin eta ez baita beti egiten posible den kazetaritzarik onena. Ez da txarra haserre hori: kazetari batek beti egon behar du kazetaritzarekin gerran.