GARA > Idatzia > Kultura

Artium museoko Praxis aretoan birziklatutako objektuekin egindako lana dago ikusgai

Beatriz Olabarrieta bilbotarrari egokitu zaio oraingo honetan «do-it-your-self» filosofia jarraitzen duen gelan bere artelanak erakustea. «Motor Motor» erraien antza duen instalazio erraldoi bat da.

GARA | GASTEIZ

Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak erakusketa berria aurkeztu zuen atzo. Oraingo honetan Beatriz Olabarrietaren «Motor Motor» lanak beteko du Praxis gunea.

Olabarrietak hutsik dagoen espazio batetik abiatuta Praxis gunea betetzeko programaren oinarrian dagoen «do-it-you-self» (zuk zeuk egizu) filosofiari heldu dio. Izan ere, museoan zeuden zenbait material -zaharkituak edota beste erakusketa batzuk desmuntatu eta gero gelditu direnak- hartu eta berrerabili egin ditu instalazio erraldoi bat osatzeko, zeinak bere erraiak agerian dituen.

Proposamen honekin Olabarrieta «arkitekto baten eta lorezain baten lanen bide erdian» kokatzen da. Alde batetik, proiektuari hasiera eman baino lehen bazekien zehazki zein emaitza nahi zuen. Bestalde, «haziak landatu ondoren» fruituen zain gelditu behar da, artistarentzat Praxis gunea hartu beharreko lur zati bat delako.

Jaiotzez bilbotarra bada ere, Olabarrieta Londresen bizi da duela hamar urte. Han osatu du bere formakuntza artistikoa, eta eskulturaren arloan aritu ohi den arren, argazkigintza, bideo lanak eta performanceak ere landu ditu. Horregatik, «Motor Motor» diziplina anitzen batura da.

Lotutako hezur multzoen antza duen instalazioa sortzeko elementu ugari jarri ditu elkarrekin. Hasteko, museoan erakusketak prestatzeko erabili izan duten material zaharra eta hondakinak hartu zituen. Ondoren zur zatiak itsatsi zituen apar-goma eta poliuretano hondarrekin batera.

Oraindik badabiltzan pantaila bat eta proiektore bat, eta etxeko zenbait gauza ere erabili ditu (lanparak eta aldizkariak, adibidez). Elementu guztiak nahastuz forma berriak sortu ditu artistak osotasunari birziklatzearen balioa emanez, baina bereziki «do-it-you-self» filosofia azpimarratuz.

Filosofia horrekin bat egin duten beste artista ugari izan dira Praxis aretoan. Programa 2010ean abiatu zenetik, gunea esperimentazio laborategi gisa erabili duten pertsona asko izan dira, hala nola, Eltono, Wilfredo Prieto, David Maroto, Juanli Carrion, Jenny Marketou, Itziar Barrio, Avelino Sala, Robert Waters, Jacobo Castellano eta Roscubas anaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo