GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Liburu Zaharren Azokan literatura merkeago erosteko aukera izango da

GARA | BILBO

Bilboko Liburu Zaharren eta Aukerakoen 34. azoka gaur hasiko da. 52 saltoki jarriko dituzte Areatzean, eta bertan liburu berriak ohiko dendetan baino %20 merkeago izango dira, batez beste. Gainera, liburu zaharrak -100 urte baino gehiago dutenak edo topatzea oso arraroa direlako bildumagileentzako interes berezia dutenak- %50ean salduko dira.

Azoka azaroaren 11ra arte iraungo du azokak Arriaga antzoki parean dagoen gunean, krisiaren aitzakia alde batera utzi eta kultura kontsumitzen jarraitu ahal izateko. Bizkaiko liburu-saltzaileen elkarteko lehendakariak esan bezala, ferian «oso liburu interesgarriak aurki daitezke oso prezio onean». Izan ere, okasioko liburuak euro bakar batetik aurrera salduko dira. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, gehien saltzen diren liburuak nobelak dira. Asko saltzen den generoa haur eta gazte literatura da, baita gastronomiako liburuak eta historikoak ere.

Liburuaren Ganbarako presidente Josu Leguinak azaldu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko 112 argitaletxe pribatuk 68,5 milioi euroko fakturazioa izan zutela 2011n, 2007. urtearekin alderatuz %20 gutxiago, 2010eko zifrak baino apur bat hobeak badira ere.

Kulturaren gainbehera horri aurre egiteko, Lakuak martxan jarritako kultura-bonoen sistema mantentzea garrantzitsua dela nabarmendu zuten, halaber, azokaren antolatzaileek. Izan ere, 25 eurotan saltzen diren txartel horiek 40 euroko balioa dute, erosleak kultura produktuak kontsumitzera bultzatzeko. Azokako antolatzaileen ustez, txartel honek «kultura sustatzen du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo