GARA > Idatzia > Euskal Herria

ADELA ANDIKOETXEA | BARAZKI EKOIZLEA

«Iazko emaitzak errepikatzearekin konformatuko ginateke»

Urdulizkoa bada ere, urtero-urtero Gernikara hurbiltzen da, urriko azken astelehenean parte hartzera. Nekazaria da, barazki ekoizlea, eta bere produktuak azokaz azoka eskaintzen ditu. Atzo bertan Arrigorriagako ferian izan zen. Gaur, bere izena daraman postuan izango da, urtero legez, udaletxeko plazan.

p012_f04.jpg

ION Orzaiz

Adela Andikoetxearen esanetan, honakoa ez da unerik onena barazkiak kalean saltzeko. Jendeak begiratu bai, baina erosi… «Iazko emaitzak errepikatzearekin konformatzen gara, egoera ez baita samurra», aitortu digu. Baina egungo krisi ekonomikoa ez da salmenta txikien erantzule bakarra, nekazariaren ustez. «Krisiak eragina du salmentetan, baina baita beste hamaika faktorek ere. Eguraldia, adibidez, erabakigarria da. Euria egiten duenean, gutxiago saltzen dugu; baina bero sargoria ere ez da ona, jendea makaldu egiten delako. Autoak urrun utzi ohi dituzte bisitariek, eta gero, hamaika poltsarekin aparkalekuraino joatea oso    astuna da».

Gernikakoa urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat dela ezin da ukatu, baina urduliztar honek nabarmentzen duenez, azoka honi giroak eta jendetzak ematen diote duen ospea, ez bereziki salmenta handiek: «Urriko azken asteleheneko azoka handia da eta asko saltzen da, bai, baina bertatik 100.000 bat lagun pasatzen direla kontuan izanda, ez da horrenbesterako ere. Askoz jende gutxiago biltzen duten azoka txiki horietan, Arrigorriagan adibidez, Gernikan baino gehiago saldu izan dugu guk behin baino gehiagotan. Izan ere, feria horietara jendea erostera joaten da propio. Gernikara, berriz, lagunekin elkartzera, bazkaltzera edo giroa ikustera hurbiltzen dira asko, eta horrek eragina du salmentan».

Eta bere teoria egia dela frogatzeko, pasadizo bat kontatu digu saltzaileak: «Duela zazpi edo zortzi urte, Bizkaiko egunkari bateko kazetari bat hurbildu zitzaigun, goiza gurekin pasa nahi zuela esanez. Azokan, ekoizle batek zenbat  sal zezakeen ikusi nahi zuen. Nik esan nion ez zela horrenbesterako ere, jendeak begiratu bai, baina erosi, ez duela erosten. Gizagaixoak orduak eta orduak eman zituen han, eta azkenean, arrazoia eman behar izan zidan».

Aurtengoa, urriko azken asteleheneko azokara etortzen den hogei eta bigarren aldia da Andikoetxearentzat. Dagoeneko urrun samar gelditu den 1990. urtean hasi zen Gernikan bere produktuak saltzen, eta ordutik, nekazaritza mundua eta jendartea zeharo aldatu dira.

Baldintza berriak, betiko kalitatea

Aldatu ez dena, urduliztarraren esanetan, azoka bera da. «Nik ez dut uste azoka asko aldatu denik. Lehen baino gehiago ezagutzen nau jendeak, hori bai. Bi hamarkada luze daramatzat Bizkaiko nekazaritza azoka guztietara joaten, eta harremana dut gainontzeko saltzaile eta erosleekin.  Hori da aldatu dena, baina giroa? Giroa betikoa da. Eta salmentari dagokionez ere ez dugu aldaketa handirik sumatu. Betidanik izan dira urte onak eta txarrak».

Baina azokan parte hartzeko baldintzak ere aldatu egin dira azken hamarkada hauetan. Kalitatea eta jatorria bermatzeko kontrolak, ziurtagiriak, dokumentazioa… «Duela zenbait urte, nahikoa zen herrira joan eta salmenta-postua jartzea, baina orain, dozenaka ziurtagiri eta dokumentu eskatzen dizkigute. Gaur egun, exijentzia maila altua dute halako ekimenek», adierazi digu.

Azokan exijitzen den kalitate berme hori bere produktu guztietara hedatzen dela dio Andikoetxeak. Horregatik, ez du besteak baino gehiago saltzen den produkturik. Denak dira freskoak eta goxoak. «Nik denetarik saltzen dut, eta ez dut produktu ‘izarrik’. Tomateak, erretzeko zein frijitzeko piperrak, tipulak, piperminak, porruak, babarrunak… Guztiek harrera ona izaten dute azokan». Horiek guztiak fresko-fresko erosi eta dastatzeko aukera izango dute gaur Gernikara hurbilduko diren milaka lagunek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo