GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

pirinioak | Bide berria

Goi mailako pirineismoa Pique Longueko ipar horman

Jose Maria Andres Chemari eta Mikel Saez de Urabainek «Ilusiones» bidea zabaldu berri dute. Bi denboraldi ezberdinetan eginiko lanaren ondorioz, 650 metro zabaldu dituzte 7a+/A2 zailtasunekin. Marraren bigarren zatia da sormen-lanaren gako nagusia.

p040_f02_97x108.jpg

p040_f03_148x88.jpg

p040_f04_148x168.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Vignemaleko Pique Longue eskalada eremu alpino interesgarria dela inork ezin du ukatu. Bere ipar horma, bederen, osagai zeharo erakargarriak ditu. Latza bezain zorrotza da, arrokaren kalitatea ez da hoberena, 800 metroko garaiera du, sormen-lanerako zirrikituak baditu... zer gehiago eska daiteke? Agian, galdera horri erantzun egoki bat eman diezaiokena, besteak beste, Mikel Saez de Urabain da. Eta, zergatik diogu hori? Bada, duela gutxi Jose Maria Andres Chemarirekin oso erronka ederra amaitu berri duelako.

Biek ala biek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Makina bat aldiz sokara lotu dira, eta batez ere Pirinioetako pareta ezberdinetan sormen-lan ederrak sinatu dituzte. Azkena, esan bezala, Pique Longueko ipar horman izan da: «Ilusiones» (7a+/A2, 650 m). Goi mailako alpinismoa Pirinioetan edo, nahi izanez gero, goi mailako pirineismoa.

Aurreratu behar dugu hormatzar horretan mugimendua izaten ari dela azkenaldiotan. Batzuk «Diedro horia» errepikatzen eta era askean igotzen ari dira; beste batzuk, berriz, ondoko «Despiau-Luquet» marran buru belarri aritu dira. Bada hain justu, bi bide horien artean Chemarik eta Saez de Urabainek beren aportazioa egin dute. Proposamen berri bat pirineismoaren kolektibitatearentzat.

Zalantzarik gabe, aitortu beharrean gaude alpinista gipuzkoarra pilak erabat kargatuta iritsi zela azken xede horretara. Duela aste batzuk orriotan aipatzen genizuen Pakistan aldean, Brakk Zang mendian hain zuzen ere, 500 metroko aldaera bat zabaldu eta ondoren gailurra egin zuela. Tartean sormen-lan gehiago egin ditu. Kepa Escribanorekin batera «Yetivasco» (7b, 150 m) zabaldu zuen Andaston, eta Cueto Ageron «Burujana» (7a+, 330 m).

Sasoi eder hori aprobetxatuta, Chemarik eta Saez de Urabainek iaz hasitako erronka bukatzea erdietsi dute. Bai, iaz eta aurten jardun behar izan dute «Ilusiones» bidea amaitzeko: «Bi urte generamatzan bueltaka. Iazko irailean hasi ginen zabaltzen, eta hil honetan bukatu dugu. Berez, bost eguneko bi txandatan egin dugu lan. Baina, teknikoki, bi denboraldi ezberdin izan dira. Pozarren gaude; izan ere, ez genekien marra osoa borobiltzeko gai izango ginenik. Pique Longue ez da txantxetako lekua. Goi mendiko eskalada da, alpinoa. Arroka ere ez da ona. Baina, tira, osagai horiek guztiak guretzat oso erakargarriak dira ».

Argazki batzuk ondo aztertu, eta sokada helburuari begira jarri zen. Alabaina, zalantza bat baino gehiago zituzten. Probatzea bai, baina, posible ote zen bide berria zabaltzea? Korapilo hori askatu behar zuten. Paretaren goi aldean, nolabaiteko headwall bat gainditzea zen erronka. Bertatik bertara ikusi nahi zuten: «Zati horrekin amets egiten genuen. Pique Longuen kalitatezko marra bat zabaltzea agian gehiegi zen. Baina, jakina, ametsak egi bihurtzeko egiten dugu lan. Propoamen berriaren giltza hor goian zegoen. Saiatu behar ginen. Eta posible zela ikusteko sekzio horretara heltzeko «Despiau-Luquet» bidetik eskalatu genuen. Ez genuen nahi marra berri bat zabaltzen hasi eta goi alde hori ezinezkoa edo kalitate txarrekoa izatea ikusi».

Luze gogorrak

Arestian aurrerratu dugunez, lehen saioa iazko irailean egin zuten. «Despiau-Luquet» bidean sartu eta goi aldean dagoen misterioa askatzeko helburuarekin hasi ziren lanean. Bi luze soilik zabaltzeko aukera izan zuten: «Hara iristeko lan itzela egin behar da, baina saioak merezi izan zuen. Ikusgarria zen gure aurrean agertu zena! Igotzen ari ginen marra utzi eta hiru luzetan material arrastoak ikusi genituen. Harrituta geratu ginen. Uste dugu goi alde horretan dauden zailtasunen jabe egin ondoren, beste sokada horiek atzera egitea erabaki zutela. Guk, berriz, aurrera egin genuen. Bi egun ezberdinetan bi luze zabaldu genituen. Hor bukatu zen iazko saioa».

Bigarren eta behin-betiko saioa urrian izan da. Antizikloi sendo bat aprobetxatuta Ouletesseko aterpera abiatu ziren. Mendia zuri ikusi zuten; izan ere, astebete lehenago elurra egin zuen. Nahiz eta hotz galanta egin, madrildarra eta gipuzkoarrak bigarren saioari ekin zioten. Paretaren goi aldean hasitako lana egun bateko jardunean bukatu nahi zuten: «Hotz handia egin zigun. Iazko bidetik gora abiatu ginen, eta arratsaldeko hiruretan iaz zabaldutako puntu garaienara iritsi ginen. Hurrengo luzeek denbora asko eskatu ziguten, oso eskalada fina baitzen. Gauak harrapatu, kopetako argiak piztu, Gaubeko ertzera haize hotz zein indartsu batekin heldu eta gauerdi aldera gure sormen-lanarekin amaitu genuen. Goizaldeko 4.30ean aterpera iritsi ginen. Hain berandu genbiltzanez, aterpekoek adierazi ziguten emergentzia deiak egin zituztela. Gendarmeak ere azaldu ziren, baina, esan bezala, anekdota bat baino ez zen izan».

Egun bateko atsedena hartu, eta eskalatzaileok bazuten askatzeko beste korapilo bat. Hots, zabaldutako luzeak «Despiau-Luquet» bidetik lotu edo luze berriak zabaldu. Beheko zatia aztertu ondoren, lanak «erdizka» utzi ordez, proposamen oso bat egitea erabaki zuten. Beraz, bi zatiak lotu, behekoa eta goikoa, eta «Ilusiones» marra berria sortu zuten.

Krokisean ikusten den bezala, bi zati ezberdin dira. 9. bilera arte zailasunak samurrak dira. Hori bai, luze guztiak garbi daude; soilik bilera batean iltze bat jarri zuten. Bigarren zatiak, bederatzigarrenetik hamabostera, bestelako izaera du. Hiru luze gogor (giltza direnak) jarraian: 7a+, 6c/A2 eta 7a expo edo arriskutsua: «Bigarren zati hori beste kontu bat da. Arroka delikatu samarra da, plakeroagoa da, harlau asko daude... 6c/A2 luzea sabai bat da. Eskuin esker egiten den zeharkaldia, oin txarrekin, dulfer bezalakoa... Librean oso gogorra gerta daiteke. 7a expo edo arriskutsua da. Chemarik sokaburu egin zuen. Txapela kentzeko moduko lana egin zuen».

gakoa

Marra berria «Diedro horia» eta «Despiau-Luquet» marren artean dago. Gakoa goi aldean dago. Hiru luze gogor dira: 7a+, 6c/A2 eta 7a

marra berria

Jose Maria Andres eta Mikel Saez de Urabainek «Ilusiones» marra (7a+/A2, 650 m) zabaldu dute Pique Longueko ipar horman

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo