GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa | Oier ILLARRAMENDI IRIBAR, Euskal Herriko Kantauri Surf Ligako Zuzendaria

«Ohiko lehiaketak izan ditzakeen hutsuneak betetzeko eredu bat proposatu nahi dugu»

Kantauri Surf Liga, Euskal Herri osoko surflariak bildu eta lehiaketa eredu berri bat sustatzeko asmotan sortu zen proiektua, aurrera doa. Ekimen honen berri izateko Oier Illarramendirekin izan gara. Duela bi urte, atal honetan bertan elkarrizketatu genuen, olatu handietan izan zituen muturreko esperientzia zirraragarriak kontatu zizkigun; gaurkoan berriz, Kantauri Ligaren nondik norakoak azalduko dizkigu.

p044_f01_148x192.jpg

p044_f02_199x96.jpg

p044_f03_148x96.jpg

Haritz LARRAÑAGA |

Aurtengoa Euskal Herriko Kantauri Surf Ligak egiten duen bigarren itzulia da. Iazkoan, Getariako Lonjan taldea eta Donibane Lohizuneko Artha taldea izan ziren finalean. Lonjan taldeak irabazi zuen txapela. Talde hartako lehiakideetako bat Oier Illarramendi zen. Aurten Kantauri Surf Liga zuzentzeko ardura hartu du Oierrek.

Nola izan zenuen Surf Liga honen berri?

Mikel Troitiño, Euskal Herria Kirola erakundeko bozeramailea, orain bi urte nirekin harremanetan jarri zen; izan ere, garai hartan Herriko Surf Federazioko txapelketetan zuzendari tekniko nenbilen. Elkarrekin, Kantauri Ligaren araudiak nolakoa behar lukeen adostu genuen.

Lehen itzulian, Troitiñok berak hartu zuen Ligaren ardura, baina aurten erronkari eusteko gogoz nengoen eta lehen baino denbora gehiago dudanez, ardura nik neuk hartzea erabaki nuen.

Zein helburu dituzue?

Egungo lehiaketa ereduak izan ditzakeen hutsuneak betetzeko eredu bat proposatu nahi dugu.

Ohiko lehiaketa ereduan egutegia oso irregularra da. Kanporaketa errondak izaten dira; beraz, soil-soilik onenek egiten dute aurrera eta maila apalagoa dutenen parte hartzea, denboran, laburra da.

Bereizketa handia dago gizonezkoen eta emakumezkoen artean, eta orokorrean, kirolaria ez dago lasai, zeren txapelketak ez dauka surf librearen antzik, bestelako kontua da oso.

Badira, lehiaketa maite dutenak ere, noski, baina orokorrean surflaria ez da eroso sentitzen banakako lehiaketan.

Zein da desberdintasuna?

Kantauri Ligaren formatuak surf librearen antz handiagoa dauka. Ordu eta erdiko saioa izaten da; alegia, normalean surflari batek itsasoan egiten duen denbora egiten dugu surfean.

Gainera, taldekako lehia da; beraz, egunerokoan bezala, lagunekin itsasoratzeko aukera eskaintzen du. Hau da, lagunen artean lehiatu beharrean, gure lagunekin beste lagun talde baten aurka aritzen gara, eta horrek apur bat arintzen du norgehiagoka. Ez da hain agresiboa.

Hala ere, lehia izaten jarraitzen du. Aldatzen dena zera da, formatuak eskaintzen dituen aukerak zabalagoak izan daitezkeela.

Zer moduzko harrera izan du Kantauri Ligak surflarien artean?

Agian, oraindik eredu ezezaguna da; beraz, formatua azaldu behar zaio jendeari. Kosta egiten zaigu eskema zaharrak alboratu eta berriei egokitzea.

Batzuek, ordea, oso gustura hartu dute. Beste batzuei kostatzen ari zaie, baina oro har lehiakideak gustura daudela esango nuke. Ez dago dirurik, saririk, oihartzun txikia du surf ligak, eta, hala ere, parte hartzea handia da. Beraz, parte hartzen duena gustura dabilela esango nuke.

Agian, ez du guk nahiko genukeen arrakasta. Apur bat motel doa, baina badoa. Aurrera doa.

Beraz, zailtasunak ere badira?

Bai, noski. Surfak berak duen izaeragatik-edo, oso zaila da ardura hartuko duen surflariren bat aurkitzea.

Surfa kirol oso indibiduala da. Bakoitzak bere bidea egiten du. 50 kidetik gorako elkarte batean zortzi kideko taldea osatzeko zailtasunak izaten dira.

Elkarteetan izaten da zuzendari edo arduradunen bat, eta haiekin hitz egiten duzu, baina gehienetan gauzak airean geratzen dira.

Nolako taldeak eratzen dira?

Puntuazio sistemarekin zera lortu nahi genuke, talde aniztasuna. Alegia, talde bakoitzean gaztetxoen eta nesken parte hartzea bermatu nahi da, eta hori bultzatzeko olatu bikoitzaren aukera dago.

Talde bakoitzean sei lehiakide daude eta hiru olatu bikoitz egin ditzakete, baldin eta bi neska, 16 urtetik beherako bi lehiakide, eta bestelako beste bi surflari badaude taldean.

Aniztasun hori islatzen da?

Nahiz eta talde parekideak osatzen saiatu, talde bakoitzak bere berezitasunak izaten ditu.

Adibidez, Pukas taldeak gazte eta neska pila bat ditu, baina heldurik ez. Getxo surf taldeak heldu asko ditu, maila handikoak, baina emakume gutxi... Taldearen osaketa elkartearen beraren izaeraren isla izaten da.

Iaztik aldaketarik egin da?

Iaz ligan parte hartu zutenekin hitz egin eta ondorio bat atera genuen, txapelketa bakoitzeko kilometro gehiegi egin behar zela.

Adibidez, Bizkaiko talde batek larunbat batean Gipuzkoara joan behar zuen lehiatzera, eta hurrengo asteburuan, alderantziz. Azkenean kilometro asko dira.

Bidaiak arintzeko, aurten liga bi zatitan banatu dugu. Lehen zatian gune bereko taldeak lehiatzen dira elkarren artean, eta bigarren zatian, gune bakoitzean puntu gehien bildu dituzten bi taldeak lehiatuko dira beste guneetako taldeekin.

Zeintzuk dira hiru guneak?

Hiru sailkatze liga egiten dira aldi berean, baina gune desberdinetan. Bata, Mendebaldean, Araba eta Bizkaiko taldeekin. Bestea, erdialdean, Nafarroa eta Gipuzkoako taldeekin, eta hirugarrena, iparraldean, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko taldeekin.

Beraz, hiru guneak honakoak dira, Mendebalde, Erdialde eta Iparralde.

Eta ligaren bigarren zatia?

Bigarren zatia hiru egunetan egingo dugu. Egun bakoitzean hiru saio egingo dira eremu bakoitzean. Alegia, egun batean Bizkian lehiatuko dira hiru eremuetako sailkatuak (mendebalde, erdialde, iparralde), beste egun batean, Gipuzkoan, eta beste batean, iparraldean.

Iparraldean taldeak osatzeko arazoak izan dituzte; beraz, hiru elkarteetako kideen artean bi talde osatuko dituzte eta zuzenean ligako bigarrengo zatian izango dira.

Amaieran, puntu gehien biltzen dituen taldea izango da irabazlea. Hortaz, azken proban erabakiko da irabazlea zein izango den. Iaz bezala, Zarautzen emango zaio amaiera Kantauri Surf Ligari.

Kostalderik ez duten lekuetako taldeek parte hartzen dute?

Oraindik ez da lortu kostalderik ez duten herrialdeetako jendearekin talde bat osatzea, baina ateak irekita daude.

Azpeitian, Durangon edo Iruñean, esaterako, bada surflari komunitate handi bat, batzuk gainera antolatuta daude. Kantauri Ligan parte har dezakete, taldea osatuz gero.

Olaturik ez duten lekuetako surflariek beste hondartzetako surflariekin hitz egin beharko dute?

Hor kontua da hondartzarik ez duten taldeek lekuko udalarekin adostu beharko luketela baimena lortzeko, baina behin baimena lortuz gero, edonork edonon antola dezake txapelketa.

Taldeko kideek normalean surf egiten duten lekua ordezkatu beharko lukete, beti ere, bertako surflariekin hitz egin eta adostasun batera heldu ostean, noski.

Formatuari dagokionez, zer aldatuko zenuke?

Liga amaieran bilera egiten da balorazioak egiteko, baina bestela ere taldeko ordezkariekin hitz egiten dugu eta haien ekarpenak jasotzen ditugu.

Esaterako, lehengo batean talde bateko arduradunak zera zioen, talde batzuek maila handiko surflariak dituztela eta beste batzuek, aldiz, maila apalagoa dutela; beraz, batzuetan alde handia izaten da. Gauzak horrela, oreka bilatzeko zerbait egin beharko da. Beti dago zer hobetu.

Proiektu hau oso berria dela hartu behar da kontuan. Oraindik hastapenetan da; beraz, urtero garatuko dugu, baina helburuak eta oinarriak zeintzuk diren garbi daukagu; beraz, hortik abiatuta egin behar ditugu urratsak, aipatutako norabidean.

Iazko taldeen eta aurtengoen artean desberdintasunik bada?

Iaz parte hartu zuten taldeak, nolabait esatearren, proiektuarekin bat egiten zuten taldeak ziren, talde herrikoiak.

Aurten talde gehiagok parte hartu duenez, proiektua elkarte desberdinetara zabaldu ahal izan da, eta ondorioz izaera anitzeko taldeak ikusten dira parte hartzen. Alegia, beraien artean oso desberdinak izan daitezkeen nortasun desberdineko taldeak.

Batzuen helburua lagunekin elkartu eta ondo pasatzea da. Beste batzuentzat lehia da garrantzitsua; beste batzuek jendea ezagutu nahi dute.

Lehentasunak desberdinak izan daitezke, baina oinarrian Euskal Herri osoko surflariak bilduko dituen lehiaketa eredu berritzaile bat dago, eta hori da, hain zuzen, taldeek, beren parte hartzearekin indartzen dutena.

Oiartzunik izan du Kantauri Surf Ligak ?

Bai. Iaz baino jarraipen handiagoa izaten ari dela esango nuke. Komunikabideetan ere isla izaten hasi da. Esaterako, «3sesenta» surf aldizkaria jarraipena egiten ari da, baita GARA egunkaria ere. Hor ikusten da parte hartzea zabaltzen ari den neurrian, oihartzun mediatikoa ere gero eta zabalagoa eta anitzagoa dela.

Zer esango zenioke parte hartu nahi duenari?

Talde giroan parte hartzera gonbidatuko nuke. Taldean lehiatzeak ez dauka bakarka lehiatzearekin batere zerikusirik; oso bestelakoa da.

Surflaria ez denak ere parte har dezake. Uretan sei surflari behar dira, baina talde bakoitzak bi epaile ere behar ditu, eta talde bakoitzari dagokio etxean «jokatzen» dutenean txapelketa antolatzea.

Horrez gain, txapelketen berri izan nahi duenak, emaitzak ikusi nahi dituenak, araudia edo argazkiak ere ikusi nahi dituenak web orrialde honetara jo dezake: www.kantaurisurfliga.com

Eta amaitzeko, faboritorik baduzu?

Bai, noski, iaz irabazle atera zena, Lonjan taldea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo