GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa

Nazabal markak apurtuz sartu da

Etxarriko aizkolariak kanporaketako errekorra ezarri zuen, lehen Anjel Arrospidek zeukana hiru segundoan onduz.

p036_f01_250x140.jpg

Jon LEUNDA

Nazabal, Atutxa, Otaegi, Azurmendi, Otaño eta Olasagasti sailkatu ziren atzo Elizondon, datorren azaroaren 18an Arbizun jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatzeko. Senosiain II.a eta Lopez sailkatu ziren, berriz, azkeneko bi postuetan, eta biek datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute lanean. Azken hauen ordez, aurten Bigarren Mailan lehen bi postuetan geratu direnak, Jon Irazu eta Ander Erasun, arituko dira.

Atzoko kanporaketan, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak; finalean izango duten lanaren erdia egin behar izan zuten Elizondon. Egurrak oso onak atera ziren. Zaleek ere nahiko erantzun ona eman zuten, Elizondoko Baztan pilotalekuko harmailek itxura ona hartu baitzuten.

Amaieran, Nazabalek garaipena lortzeaz gain, marka berria ere ezarri zuen. Bere denbora 15 minutu eta 13 segundokoa izan zen, lehen Anjel Arrospidek zeukana hiru segundoan onduz.

Atzoko kanporaketa estua iragartzen zen, eta denboretan ez ziren alde handiak egon, baina ezuste oso gutxi izan ziren. Finalean zale gehienen kinieletan sartzen ziren aizkolariak sartu dira, eta agian ezustea Juanjo Lopezek eman zuen. Lezaungoa azken urte hauetako finalisten artean egon da beti, eta gehienetan podiumean, gainera, baina aurten ez zen ongi ikusten, eta bera finalean sartzeko moduan gutxik ikusten zuten. Hala ere, atzo azkena sailkatu zen, eta maila galduko du. Horren gaizki arituko zenik ere inork ez zuen uste.

Hamabi aizkolari ziren, eta hiru multzotan banatuta neurtu ziren. Lehenengoan, Nazabal, Olasagasti, Mujika eta Lopez neurtu ziren. Etxarriko aizkolariak irabazi zuen, eta bere marka ikusita, denek garbi zuten finalean izango zela. Multzo honetatik Olasagasti ere sailkatu zen, eta Mujika, berriz, zortzigarren izan zen amaierako sailkapenean, finaleko postuetatik minutu erdira. Lopez izan zen azkena, eta sailkapen nagusian ere horrela izan zen.

Atutxa

Bigarren multzoan, Atutxa, Otaegi, Azurmendi eta Senosiain II.a lehiatu ziren. Hau izan zen, dudarik gabe, multzorik estuena, eta bertatik, gainera, hiru izan ziren finalean sartu zirenak. Lehia handia izan zuten Atutxak, Otaegik eta Azurmendik, eta amaieran bizkaitarra gailendu zen, zizurkildarrari 12 segundo kenduta, eta hirugarren, Azurmendi, honi minutu erdi bat kenduta. Hirurak sailkatu ziren finalera. Multzo honetan Aitor Senosiain izan zen azkena, eta Olaguekoak ezin izan zion maila nagusiari eutsi.

Azken multzoan, Otaño, Txapartegi, Senosiain I.a eta Rekondo lehiatu ziren. Unai Otaño izan zen onena, eta finalerako txartela ere lortu zuen, sailkapen nagusian bosgarren izan baitzen. Bigarren sailkatu zen Jon Rekondo, eta finaletik minutu erdira geratu zen. Atzetik Luix Txapartegi eta Antonio Senosiain geratu ziren, eta bietako inor finalerako sailkatu ez baldin bazen ere, mailari eustea lortu zuten. Horixe zen bien helburu nagusia, eta datorren urtean ere onenekin lehiatzeko moduan izango dira.

Besteak

Etxarriko aizkolariarekin batera, Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño eta Joxemari Olasagasti sailkatu dira azaroaren 18an Arbizun jokatuko den finalera.

Jaitsiera

Senosiain II.a eta Lopez sailkatu ziren azken bi postuetan, eta, beraz, datorren urtean Bigarren Mailan lehiatu beharko dute biek. Jon Irazuk eta Ander Erasunek ordezkatuko dituzte.

Floren Nazabal: «Aizkoran gozatuz, oso gustura aritu naiz lanean»

Floren Nazabal izan zen atzoko kanporaketako onena, eta marka berria ezarriz, gainera. Amaieran oso gustura zegoen: «Egia esan, aizkoran gozatu dut eta oso gustura aritu naiz. Ziatika arazoren bat edo beste izan dut azkenaldian, baina gaur ez dut horren aitzakiarik izan», esan zuen irabazleak.

Egurrak ere onak zirela onartu zuen Etxarrikoak. «Egia esan, egurrak oso onak atera dira, eta uste dut marka polita jarri dudala», adierazi zuen.

Nolanahi ere, berak garbi zeukan atzoko helburu nagusia sailkatzea zela. «Denei gustatzen zaigu irabaztea, baina hemen garrantzitsuena finalean sartzea zen», eta hori lortu dut». J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo