Iruñean turismo politika aldatzeko eskatuko du Bilduk bihar udalbatzarrean
UPNk Iruñean turismoa bultzatzeko egin duen politika ez dela eraginkorra nabarmendu zuen atzo Bilduk. Convention Bureau erakundea itxi egin behar izan zuten helbururik ez zuelako, horretan indar eta diru ugari xahutu bazuten ere. Politika berri bat ezinbestekotzat jo zuten.
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
UPNk Iruñeko Udalean turismo arloan jorratu duen politikak «inolako estrategiarik ez» duela salatu zuten atzo Eva Aranguren eta Patricia Perales Bilduko zinegotziak. Hori dela eta, politika hori goitik behera aldatzeko eskatzen duen mozioa aurkeztuko dute bihar udalbatzarrean.
Gaineratu zutenez, ez du gardentasunez jokatu UPNk alor honetan, Iruñean turismoa bultzatzerakoan ikuspegi murritzaz aritu direla nabarmenduz.
Ildo honetan, Convention Bureau erakundearekin gertatutakoa kritikatu zuten. Iruñean turismoa sustatzeko sortu zen erakundeak ez duela ibilbide logikorik izan adierazi zuten, potentziala ez baita aprobetxatu.
Uztailearen 3an Convention Bureau desegin zuten, baina udal taldeek ez zuten horren berri izan. Aurreko udalbatzar batean Udaleko ordezkaria aldatzea onartu zen. «Baina udal taldeek ez genekien ordezkari-aldaketak Convention Bureau delakoaren desagertzea ekarriko zuela», azaldu zuen Arangurenek.
Gauzak horrela, 2006an sortutako Convention Bureau delakoak ekarpen gutxi egin duela esan zuten. Gobernu espainolak finantziazioaren %45 jarri zuen eta Iruñeko Udalak beste %45. Gainerako %10a kide pribatuek jarri zuten.
Bilduko zinegotziek adierazitakoaren arabera, Convention Bureau delakoarekin gertatutakoak UPN trakets ibili dela erakusten du. «Baliabide teknikoak eta giza-baliabideak xahutu dituzte alferrik. Baita 160.000 euro ere, ez dakigu zertarako. Helburua zein zen argi izan gabe jarri zuten martxan, diru laguntza eskuratzeko soilik», esan zuen Arangurenek.
Norabide aldaketa
Hori guztia dela eta, turismoa bultzatzeko politika berri bat beharrezkotzat jo zuen Bilduk, Patricia Peralesen ahotik.
Horretarako, plan estrategiko bat martxan jartzeko eskatuko du Bilduk bihar udalbatzarrean. Orain arte, soilik maila ekonomiko handiko turistak erakartzen saiatu direla esan zuen Peralesek, aurrerantzean profil desberdineko turistak aintzat hartu beharko liratekeela gehituz.
Turismo arloan ikuspegi orokor batetik lan egitea ezinbestekotzat jo zuen Peralesek. Ildo honetan, Iruñearen ezagutza soziokulturala bultzatzea proposatuko dutela iragarri zuen, hiriko historia eta gertakari nagusiekin batera.
Honekin batera, Iruñean dauden sentsibilitate guztiek plangintzan isla izan beharko luketela eta Iruñeko merkataritza eta ostalaritza arloko ordezkariek ere zeresana izango dutela nabarmendu zuen.
Baliabide tekniko eta giza-baliabideekin batera 160.000 euro xahutu ondoren, Convention Bureau itxi egin behar izan zutela salatu zuen Bilduk. «Helbururik gabe sortu zuten, diru laguntza eskuratzeko soilik».
Iruñearen aniztasuna zein izaera soziokulturala eta merkataritza eta ostalaritza arloko ordezkariak kontuan izango dituen turismo-plangintza eskatuko du Bilduk bihar egingo den udalbatzarrean.