GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Tasio Erkizia, Mikel Etxaburu Ezker abertzaleko kideak

Aldebikotasunaren ordua

«Kontzientziatu, astindu eta kalera irten», horretara deitzen dute egileek etengabeko sufrimendu eta giza eskubideen urraketa egoera deritzotenari aurre egiteko. Espetxeetan estatuek darabilten «politika kriminala», militante abertzaleen jazarpen eta atxiloketak... Herri honen nahiaren aurkako politika honek askoren artean honako galdera pizten duela diote, «noiz arte honela?», eta herri antolakuntza eta presioa -ezker abertzaleari soilik ez dagokiona- proposatzen dute. Horrela ikusten baitute prozesu demokratikoak behar dituen aurrerapausoak etorriko direla, aldebakartasunetik aldebikotasunera jauzi egin ahal izango dela.

Euskal Herriak bizi duen biolentzia egoerari irteera eman behar zaio. Aski eta nahiko da etengabeko sufrimendua eta giza eskubideen urraketekin! Enara Rodriguezek, Logroñoko kartzelatik irteeran bizi izan zuen kalbarioari stop esan behar zaio. Preso gaixoekin darabilten politika kriminala geldiaraztea premiazkoa da. «Parot doktrina» aplikatzea jasangaitza egiten zaigu. Gobernuarekiko disidentziak torturatua izateko arrisku bizia du. Eta egoera hau gainditzeko bidea elkarrizketa da. Elkarrizketa armak desegiteko, presoak herriratzeko eta biktima guztiei zor zaien aitorpena egiteko. Herriak modu ezberdinetan ozenki eta zorrozki esan digu zein den bere nahia eta exijentzia. Baina batzuek entzungor jarraitzen dute. Ez dirudi herritarren gehiengoaren oihu ozena askorik inporta zaienik. Beraien kezka ez da giza eskubideak errespetatzea, interes politiko partikularrak zaintzea baizik. Eta horretarako, denak balio du.

ETA erakundeak eta ezker abertzaleak oro har, pauso asko eman ditu. Urriaren 20an bete da urtea, ETAk armak betirako isiltzeko konpromisoa hartu zuena. Jarduera armatua behin betiko uzteko erabaki irmoa hartu ondoren mahai batean eseri zen bere ordezkaritza. Ordu ezkero, elkarrizketak hasteko estatuek noiz eta nor aukeratuko duten itxaroten jarraitzen du. Esana dute, argi esana ere, hitz egin nahi dutela biolentzia aroak utzi dituen ondorioak gainditze aldera. Prest daudela desarme osoa egiaztatzeko neurriak hartzeko, baina horretarako jesarri behar direla mahai baten inguruan. Borondate garbia erakutsi du.

Batzuek borondatea erakutsi arren eta aldebakarreko urratsak egin arren, prozesu demokratikoak aurrera jo dezan, heldu da momentua zeinean aldebikotasuna ezinbestekoa bihurtu den. Urte luzeetan eta modu garratzean bi aldeetatik biolentzia egon denez gero, eta hori ez dut uste inork dudan jartzen duenik, egoera hori gainditzeko beharrezkoa da guztion inplikazioa. Bi aldekoek behar dute biktimak aitortu eta errekonozitu; era ezberdinetako biolentziak sortu duen sufrimenduaren gaineko autokritika bi aldeek egin behar dute; eta batez ere guztiok behar dugu zintzoki adierazi gure helburu politikoak lortzeko soilik bide demokratikoen aldeko apustua egiten dugula.

Baina oraindik, zoritxarrez, oso urrun gaude. Estatuek muzin egiten diote elkarrizketari. Eta ez bakarrik muzin, praktikan aurkako jarrera aktiboa hartzen ari baitira. Beraiek gerra logikan jarraitzen dute: Politika egiteagatik atxilotu, kartzeletan giza eskubideak modu eskandalagarrian urratu, militante independentistak gaizkile gisara kontrolatu... hainbat modutan saboteatzen ari dira prozesu demokratikoa. Eta oztopatzeko modurik zuzenena, Saul Curto bezalako militanteak atxilotzea da. Atxiloketa honek, alegia, irakurketa bakarra du: Estatuen helburua elkarrizketarako aukerak xahutzea da. Argi dago nahiago dutela gerra egoera batean modu iraunkorrean mugitu barik geratu.

Estatuen jarrera immobilista eskandalagarria da. Bake aukerak mespretxatzea arduragabekeria itzela da. Baina gobernuan ez dauden indar politikoen jarrera zein da? Bistan da, agintariak immobilismoan mantentzen badira, beraien politikak kostu gutxi dakarkielako da. Edo beste modu batera adieraziz, beste zenbait alderdi politikoren babesa daukatelako da. Eta babes hori da kendu behar dioguna. PP alderdiak ez du bere borondatez inoiz aldatuko jarrera oztopatzailea, horrela jarraituz Espainian zehar txaloak jasotzen dituelako eta gainera bere pentsaera atzerakoi eta ultraeskuindarraz bat datorrelako. Aldaraziko ditugu, politika anker hori beraien interes elektoralen aurka joan dakiekeela uste dutenean. Alegia, beste alderdi, buruzagi eta iritzi publikoa aurka jartzen zaien neurrian. Hori da irabazi behar duguna.

Hortxe datza, hain zuzen ere gakoa: zein funtzio betetzen dute Patxi Lopezek edo Iñigo Urkulluk estatuen jarrera immobilista honetan? Rajoyren gobernuak daraman jarrera oztopatzailea kritikatzen dute ala praktikan babestu egiten dute? Teorian eta noizbehinka aipatzen dute urratsak egin behar direla edo presoekiko politika aldatu behar dela. Baina praktikan zer egiten dute? Bistan da PSE alderdiak Rubalcabak esango duena egiten duela, alegia, errepresio bidea babestu. Eta Urkullu jaunaren praktika, zer nolakoa da?

Jakin badakigu, herrietan ezagutzen ditugulako, PNVko militante asko eta asko ez daudela ados une honetan egiten ari diren atxiloketekin eta oro har presoekiko darabilten gorroto jarrerarekin. Eta areago, oso haserre zeudela azkenengo abuztuan Josu Uribetxebarriaren kasuan, beraien buruzagiek egindako adierazpen iraingarriekin, zeinen arabera preso honen gose greba eta beste hainbat herritarren protesta biziak «espektakulu» edo «propaganda» huts jo zituzten. Oro har, ez dator bat, presoen eskubideekiko jarrera edo prozesu demokratikoa bultzatzen izan beharko lukeen funtzio aktiboari dagokionez, militanteen sentsibilitatea eta alderdi horretako buruzagiek agertzen duten jarrera epela, eta askotan kolaboratzailea.

Urteetan esan digute era guztietako giza eskubideen urraketak salatzen zituztela. Eta areago, ETA erakundeak jarduera armatua utziko balu presoekiko politika erradikalki desberdina izango zela, presoak kalera irtengo zirela. Baina orain, erakunde armatuak urrats sendoak egin dituenean, zer gertatzen da? Lehen, banketxe bateko kutxa edo zaborrontzia erretzeagatik bertako udaletxean berehala protesta bilkura deitzen zutela eta orain, aldiz, preso gaixoak kartzelan hiltzen utzi arren edo politika egiteagatik atxilotu arren, gobernua kritikatzera ere ez direla ausartzen. Presoen eskubideen aldeko bilkura, manifestazio edo edozein ekimen baketsutan parte hartzeari uko egiten diotela. Lehen, Rubalcaba babesten zuten eta orain PPren gobernuak darabilen politika kriminala. Honen aurrean, herritar askoren galdera zera da: noiz arte honela?

Beraz, konpromiso argiak eta tinkoak hartzeko ordua da. Bake iraunkorra eraikitzeko aukera hau ezin dugu galdu. Euskal Herriak, prozesu demokratikoa behar du eta orain da guztiok batera norabide berean arraun egiteko unea. Mobilizatu eta herria astintzeko momentua da. Herritar guztien konpromisoa behar dugu, baina baita alderdi, sindikatu eta giza eragile ezberdinetako buruzagien konpromiso argia ere. Inor ez da libratzen. Guztion esku dago estatuen jarrera ankerra aldaraztea. Prozesu demokratikoak aurrerapausoak behar ditu eta horretarako aldebakartasunetik aldebikotasunera pasatu behar da. Estatuak inplikatzea lortu behar da. Posible da, indar nahikoa badago, baina bildu eta presio eraginkorra egin beharrean gaude.

Ezker abertzaleak aldebakartasunaren bidetik urrats berriak egiten jarraituko du. Etsaiaren itsukeria ankerrenek ere ez gaituzte aldenduko geure egin dugun ildotik. Alferrik ari dira. Baina giza eskubideen defentsa guztion eginbeharra da. Poliziek darabilten jarrera erasokorra salatu eta kritikatzea ez dagokio soilik ezker abertzaleari. Egoera honetan, euskal gizarteak errebelatu behar du. Kontzientziatu, astindu eta kalera irten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo