GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Andreak, armatuta

Denok konturatu beharko genuke beste emakume batzuk, feministak ez izan arren, borondate propioa eta erabaki propioak hartzeko gai direla, ez gaitezen talibanak baino txarragoak izan eta, gainera, emakume horiek «babesten» ditugulakoan

Lehengo egunean, albiste batek eman zidan atentzioa. Albisteak berak baino, albistea emateko moduak. «En Chechenia los talibanes preparan a sus mujeres para la guerra». Hau da, albistea ez zen izan Txetxeniako emakumeak gerrarako prestatzen ari direla, nahiz eta irudietan emakumeak armak eskuetan eta tiroak botatzen ikusten ziren, emakume horiek gizonek «prestatzen» zituzten «objektua» baino ez ziren, beste arma mota bat, borondate bakoak.

Ez da makala jarrera, jokabide eta ikusmoldeen erreprodukzioan «komunikazio jendarte» honetan komunikabideek daukaten boterea. Honela, ohikoa da komunikabideek andreoi gure giza izaera osoa kentzea eta zerbait babesgabe bihurtzea.

Esaterako, egunetik egunera errepikatzen den adibide arrunta: edozein ezbeharretan benetan babestu beharrekoak diren umeekin parekatuak izaten gara; istripuetan, gerra erasoetan edo hondamendi naturaletan «tartean hainbat ume eta hainbat emakume» hil direla entzuten dugu behin baino gehiagotan.

Ez dut nik hemen baieztatuko bideoetan agertzen diren emakumeek armak erabaki propioz edo beharturik hartu dituzten. Ez dut egoera behar bezala ezagutzen. Baina albistea eman zuten horiek -lepoa egiten dut eta ez dut galduko- nire ezagupen maila oso-oso antzekoa daukate. Hala ere, ikusten dute, bai, zilegitasuna dutela andre horiei euren borondate propioa lapurtzeko.

Segidan Errusiako atentatuen %50 emakumeek egin badituzte, azalpen «ulergaitza» eman behar dute datu «ulergaitz» hori azaltzeko: alargun izaera nabarmendu. Egia da ikuspegi mendebal-zentralistatik guztiz ulergaitza dela andre batentzat gizona galdu izana dena galdu izanaren parekoa izatea. Baina, seguru asko, beste ikuspegi batzuetatik guztiz ulertezina suertatzen da bankuak etxea lapurtu izanak dena galdu izanaren sentimendua sorraraztea. Biak drama hutsak, zalantza barik. Alargun horiek gizona enfrentamendu batean galdu izanak borrokara bultzatu ahal dituenik ahaztu edo gainetik pasatzen da, borrokarako grina emakumeon DNAtik ezabaturik balego bezala, are gehiago musulmanen kasuan, eta areago burka janzten badute.

Koranak zera dio: «Emakumea lorea da», «emakumea etxean, uretan, egon behar den lorea da, gizonak, etxera bueltatutakoan, bere lurrina usain dezan». Eta burkadun emakume afganiarrei begira Europar Batzordeari «Kabulgo emakumeei lore bat» eskaintzea besterik ez zitzaion otu.

Andreok, ez hemen ez inon, ez gara berez izaki babesgabeak eta ez dugu berez babesik behar. Ez gara «loreak» eta ez dugu zapalkuntzatik libratuko ez gaituen «lorerik» behar. Boterea eskuratzeko estrategiak behar ditugu, guk geuk eta geure herri, egoera eta kultura propioetatik. Mendebaldeko feminismoan ere lan handia daukagu gure ikuspegi, gure borrokak eta gure estrategiak beste feminismo batzuen gainetik gailentzen ez ahalegintzeko. Eta feminismotik kanpo, denok konturatu beharko genuke beste emakume batzuk, feministak ez izan arren, borondate propioa eta erabaki propioak hartzeko gai direla, ez gaitezen talibanak baino txarragoak izan eta, gainera, emakume horiek «babesten» ditugulakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo