«Sandy»: kontrolatu gabeko «X faktorea» AEBetako hauteskunde-kanpainan sartu da
Bozkatzeko sei egun falta direnean, eta «Sandy» urakanak eragindako txikizioa bere larritasun osoan ageri denean, Obama eta Romney hautagaiak kanpainari lotu zaizkie berriz ere. Bi-biek hondamendi naturala ez politizatzeko plantak egin dituzte, baina ongi zekiten «Sandy» jokoa aldatu duen ezusteko eta kontrolatu gabeko faktorea izan dela. Jakitun ziren inpaktu politiko handia izango zuela, Bush-en garaian «Katrina» urakanak izan zuen legez, eta are, emaitzen balantza delikatua alda lezakeela. «Sandy» kanpainarako akuilu hartu ez duten arren, bien jokabidea oso kalkulatua izan da.
Obamak komandanteburuaren profila indartu du. Hondamendi naturalen krisietan herritarrei zuzenean hitz egitea, erantzun eta erreskate lanak zuzentzea bere lanaren parte bat da, eta lan hori ongi egitea mila mitin baino hobea, eraginkorragoa izan ohi da. Zentzu horretan, kanpainaren etenaldiak mesede egin dio, egoera latzetan buruzagi batek izan behar duen neurria ematea lortu baitu. Romney, aldiz, ez da oso pozik egongo. Erreskate zerbitzuen pribatizazioa defendatu du kanpainan eta «Sandy faktoreak» zalantza gehiago hedatu ditu bere gaitasunaren inguruan. Urakanaren indarrak azken esprinta are lastertu du.