Top 14
Pauso bat aurrera emateko aukera ezin da galdu
Biarritzek Grenoblen jokatuko du, eta Avironek Stade Bordelais hartuko du. Biak 14.30ean hasiko dira.
Jon LEUNDA
Biarritzek eta Avironek une honetan sailkapenean dituzten aurkari zuzenen aurka jokatuko dituzte euren partidak gaur 14.30ean. Zuri-urdinek etxean jokatuko dute, Jean Dauguer estadioan, Stade Bordelaisen aurka, eta zuri-gorriek, berriz, Grenobleren zelaian.
Biarritzek itxura hobetzea bakarrik ez du nahikoa, irabazi egin beharra dauka, Ligako azkeneko bost partidak galdu egin dituelako. Sailkapenean zazpigarren dago 20 punturekin, eta bere aurretik duen taldea izango du gaur aurrez aurre.
Grenoblek Biarritzek baino bi puntu gehiago ditu, eta postu bat aurretik dauka. Bederatzi neurketetatik bost irabazi eta lau galdu ditu. Bi puntu gehigarri lortu ditu. Beraz, garrantzi handiko neurketa izango da Olympiquentzat, gaur irabazten badu, gutxienez postu bat aurrera egingo duelako, eta Ligan daraman bolada txarrari amaiera emango diolako, eta hori ere beharrezkoa du, bestela sailkapenaren behealdean sartzen hasiko da, eta iazko larritasunak ez ditu inork ahaztu. Urduritasunak hasi aurretik komeni zaio puntuak pilatzen hastea, bestela egoera erabat okertzen eta gaiztotzen hasiko delako.
Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, Blaaw, Genevois, Gomez Kodela, E.Lund, Taele, Guyot, Dubarry, Lakafia, Peyrelongue, Traile, Baby, Bosch, Burotu, Ngwenya eta Balshaw arituko dira hasieratik. Aulkian, Hegi, Barcella, Thion, M.Lund, Lesgourgues, Barraque, Brew eta Synaeghel geratuko dira.
Baiona
Avironek pasa den larunbatean hartutako astindua ahazteko aukera paregabea dauka gaur, sailkapenean bere atzetik daukan taldea hartuko baitu. Bai Baionakoak eta baita Stade Bordelais ere, gauza guztietan berdinduta agertzen dira. Bi taldeek jokatutako bederatzi partidetatik bakoitzak hiru irabazi ditu, eta sei galdu. Puntu gehigarrietan ere parean daude biak, bakoitzak hiru lortu baititu.
Normalean berdinketa hau gaur apurtuko da, eta etxekoen alde izatea nahiko lukete Jean Dauguer estadiora doazen zaleek. Irabazteaz gain, erasoko puntua lortzea ere garrantzitsua izango litzateke, baina lehenengo garaipena behar da.
Ohikoa bihurtzen ari den moduan, Avironek ez du hamabostekoa ezagutzera eman, baina bai deialdia, eta bertan honako jokalari hauek daude: Arganse, Baget, Bernad, Boutaty, Chisholm, Haare, Igiñiz, Lafond, Manukula, Marmouyet, Puricelli, Roumieu, Senekal, Tialata, Boyet, Garcia, Gerber, Lacroix, Mazars, O'Connor, Fuster, Phillips,, Rokocoko, Spedding eta Ugalde. Matheu izango da partida zuzenduko duen epailea.