GARA > Idatzia > Kultura

«Hitza hitz», euskal historia biztanleen istorio txikien bidez ezagutzeko

Idoia ERASO | BAIONA

«Liburu honetan istorio txikiak kontatzen dira, baina historia handia irakurtzeko bidea eskaintzen du», azaldu zuen Gaby Etchebarne idazleak «Hitza hitz. Paroles de Basques»-ren argumentua azaltzeko. Etchebarnek «historiaren hamahiru testigu» elkarrizketatu ditu Euskal Herriko azken ehun urteen historian sakontzeko. Itxaro Bordak egin du hitzaurrea.

Amatxi, erizain, artzain, irakasle, kantari eta arkeologoen testigantzak atzeman daitezke, besteren artean. Eta gaiak pertsonak bezain anitzak dira: etxea, lana, itsasoa, borrokak eta gizon eta emazteen arteko istorioak. «Jendearekin hitz egitean konturatu nintzen gaiak errepikatu egiten zirela: etxea eta herria, garaiko bizi urria, ezkontza hitzartuak...».

Umorea

«Plazer handia izan da liburua hau egitea, gauza serioez hitz egiten zidan jendeak, baina bere burua seriotzat hartu gabe. Istorio serioak dira, umorearekin kontatuak», nabarmendu zuen idazleak.

Ortzaizeko erizaina den Graxik bere herrian jazotakoa kontatzen du liburuan: «Amerikar bat herrira bueltatu zen eta bertako emakume batekin ezkondu zen. Lau hilabete eta erdira bere emazteak haurra izan zuen. Azken hau apaiza ikustera joan zen eta honek esan zion lau egun eta erdik eta beste hainbeste gauk bederatzi egiten dutela».