GARA > Idatzia > Mundua

Bangladesheko uretan 130 desagertu daude, asko rohingya errefuxiatuak

Myanmarretik abiatuta Malaysiara bidean zen itsasontzi bat urperatu, eta 130 lagun desagertuta daude, horietako asko rohingya etniako errefuxiatuak, gehiengo budistaren eta gutxiengo musulmanaren artean piztu diren istiluetatik ihes egin nahian zebiltzanak.

GARA | DHAKA

Malaysiara bidean errefuxiatu rohingyak zeramatzan itsasontzia urperatu, eta 130 bidaiari desagertu dira Bengala badiako uretan, Bangladesheko Poliziak atzo jakinarazi zuenez.

Beste itsasontzi handiago batera igotzen saiatu zirenean urperatu zen ontzia, igande goizaldean. Itsasontziko bidaiari gehienak Rakhine estatuko rohingya etniako kideak ziren, Myanmarren gehiengo budistaren eta gutxiengo musulmanaren artean piztu berri den gatazkatik ihes egin nahian ari zirela.

Arrantzaleek hamar lagun inguru erreskatatu zituzten atzo, eta horiek esandakoaren arabera 130 bidaiari inguru zeuden itsasontzian urperatu zenean. Gertakariaren unean iluntasuna nagusi zenez, bestelako informaziorik ezin izan zuten eman.

Bangladesheko Poliziaren arabera, itsasontzia Sabrang herrixkatik irten zen larunbatean, eta Malaysiara bidean, Myanmar eta Bangladeshen artean urperatu zen.

Myanmarren gehiengoan diren budisten eta gutxiengoan diren musulmanen arteko liskarrek 20.000 pertsona ihes egitera behartu dituzte. Horietako asko errefuxiatu kanpamenduetara joan dira, baina bertako egoera ere tamalgarria da. Rakhine estatuan igaro den astean izandako istiluek 80 hildako baino gehiago eragin dituzte eta rohingya etniako kideen 4.000 etxebizitzatik gora suntsitu.

Hainbat bidaiari erreskatatuak

Arakan Project elkarteak, egoitza Bangkoken duenak, hondamendia eta erreskateak baieztatu zituzten.

Chris Lewaren, elkarteko kidearen, arabera «Malaysiara bidean zen eta 133 bidaiari zituen itsasontzi baten urperaketaren berri izan genuen». Berak aditzera emandakoaren arabera, istripua ez zen igande goizaldean izan, astelehen goizaldean baizik, baina oraindik ez ziren desagertuen bila hasi.

Jasim Uddin, Cox eskualdeko administrariaren esanetan, ez ziren bilaketa eta erreskate lanei ekiteko gai izan «arrantzaleek erreskatatutako lehen pertsonak ezin izan zuelako zehaztu istripuaren unean itsasontzia non aurkitzen zen».

«Kostazainak alertan jarri ditugu, urertzera irits daitezkeen gorpuei dagokienean».

Nazio Batuen Erakundearen arabera, rohingya etniako musulmanak -800.000 inguru bizi dira Rakhine estatuan- munduan denik eta gutxiengo jazarrienetakoa da. Myanmarren, besteak beste, osasun arreta zein hezkuntza eskubideak mugatuak dituzte, murrizketa ugari dituzte, lur eremuak kentzen dizkiete, eta lan arloan, lanbide gogorrenak egozten dizkiete.

700 hildako

Bangladeshen, 2005etik hona hondoratutako ontziak direla-eta 700 pertsona desagertu edo hil dira. 2005eko otsailean 118 pertsona hil eta 70 desagertu ziren Dahka inguruan transbordadore bat hondoratzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo