Juan Luis Mugertza Idazlea
Bihotza mintzo
Hauteskundeen inguruko emaitzak ikusita ezin dut -barka biezat baikor horrek- baikortasunaren aldarri ozenik egin
Barruko zama arintzeko-edo, nork bere trikimailuak izan ohi ditu. Ohikoena, geure buruari laguntza eskatzea da, edota ondokoari; bereziki, galdera ikurraren osteko erantzuna beste baten ahotan entzun nahi baldin badugu. Baina nik, oraingoan, ez dut aukeratuko ez bata, ez bestea. Nik orriaren zuriari emango diot lehentasuna, eta, inolako azterketa sakonik egiteke -egongo da beta, nik baino hobeto egingo duenik-, hitzekin arituko naiz mintzo, ea zer esaten didaten. Baliteke, hemendik egun batzuk igarotakoan, aukeratutako eleek bestelako itxura hartzea, edota esandakoaz damutzea, baina une honetan hauxe da nire barruko harrak eskatzen didana, eta ez diot ukorik egingo.
Hasteko Rojas Marcosen aipu bat ekarriko dut gogora: «Gizaki gehienek baikortasunerantz jotzen badute ere, Europan pertsona gehienek ez dute baikortasunaren alde nabarmen egiten». Antza denez, horren arrazoia jakiteko XVI. eta XVII. mendeetara jo behar dugu. Orduko filosofoen ustez, baikorra izatea pertsona ezjakina edo inozoa izatea zen. Nik ez dakit orduko gogoetek, egun, indar handia duten, baina hauteskundeen inguruko emaitzak ikusita ezin dut -barka biezat baikor horrek- baikortasunaren aldeko aldarri ozenik egin.
Hauteskunde osteko emaitzak Imanolen tabernan aztertzea gogoko izan ohi dut. Herriz herriko aldeko zenbaki ñimiñoek indarberritu egiten naute. Ez dakit ahosabaia jabetuko den, baina hartutako kafesnea gozoago egoten da. Halarik ere, oraingo hauteskundeetan, emaitzena gainbegiratu baino ez dut egin; eta, batzuetan, «tira!», esanda konformatu behar izan dut. Agian, hemendik gutxira, olatuen kolpe sosegatuak bestelako irakurketa egitera behartuko nau, baina 21ekoa ikusita, ez dakit, bada! Nik surflari asko irudikatu nituen ur gaineko bitsetan, olatu handien beldur bailiran, eta nik bestelako itsasikara irudikatzen nuen, egoeraren gogorra mugitzen lagunduko duena.
Baina ez, oker nengoen, nonbait. Euskal gizartearen zati handi batek ez du ur handitan sartu nahi, ohituta dago belaunetik behera itsas bazterrean ibiltzen. Lehenagotik ere banekien gizarte honen tipologiak zer-nolako itxura duen, baina eskumak -euskalduna delarik ere- lortutako emaitzek harrituta utzi naute. Ez nuen uste, gurean ere, boto pasea horren handia izango zenik. Agian, bihar bai, baina gaur ez naute baikorraren argudioek asebeteko: «Zaborraren auziak, zezenketenak, Donostiako oposizioak etengabe, inolako etikarik gabe, egindako kanpainak... Gipuzkoako ezkerrari kalte handia ekarri dio».
Bai, hori dena, eta gehiago ere badakit: indar abertzaleok espainolistek baino sostengu handiagoa lortu dugula, eta espainiarrak batuta %30era ez direla iristen. Eta, zer? Badakit ezkorra naizela, baina ez inozoa. Badakit lanak, antolakuntzak... eramango gaituela zuzeneko bidetik, baina emaitzak hortxe daude, eta ezin esan oso onak izan direnik. Ene ustez, gaur egun, eskumari sostengua emateko arrazoi bi baino ez daude: egoera honek atarramendua emango dizu zurea hobetzeko, edota, ezjakina zara. Agian, oraindik ez gaude jantzita ezkertiar proiektu bat gauzatzeko. Agian. Lehen espainiarrak ikusten nituen leku guztietan; orain mozorrotutako independentistak. Aukeran, azkenak hobeak dira, ez dut zalantzatan jartzen, baina, eskuma, edozein abizen duelarik ere, eskuma da, bai hemen, bai Espainian.
Eskerrik asko, Laura! Eskerrik asko, erdipurdiko gizarte honetan pentsarazteko aukera ematen didazuen guztioi!