sokatira
Gorritin jarriko da abian Nafarroako Txapelketa
J.L.
Iritsi da goma gaineko sokatiraren garaia, eta hemendik eta udaberrira bitarte lanean aritu beharko dute taldeek. Hasten lehena, Nafarroakoa izango da, gaur bertan jarriko baita abian Gorritiko pilotalekuan, 18.00etan.
Gizonezkoak 640 kilokoan arituko dira, eta Berriozar, Txantrea eta Amaiur, hiru talde besterik ez dira arituko lanean. Bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, beraz garrantzitsua izango da hasieratik garaipena lortzea, gero txapela ere jantzi nahi baldin bada. Pisu honetako bigarren eta azken jardunaldia datorren larunbatean Lakuntzan jokatuko da.
Gaur lanean ez dira mutilak bakarrik arituko, neskak ere jardungo dira, eta hauek 390ekoan lehiatuko dira. Kasu honetan sei lagunez osatutako taldeak arituko dira. Zoritxarrez, ordea, bi talde besterik ez dira jardungo, Sakana, eta Basaburua-Imotz. Hauek ere bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute.
Aipaturiko bi pisuez gain, beste bi ere jokatuko dira. Gizonezkoetan 600 kiloko lehiaketa ere izango da, eta hori azaroaren 18an eta 24an jokatuko da. Lehen egunak ez dauka tokirik, baina bai azkenekoak, Berriozarren jokatuko baita.
Pisu honetarako, 640koan baino talde bat gehiago egongo da. Bertan izango dira pisurik handienean arituko diren Berriozar, Amaiur eta Txantrea, baita Basaburua-Imotz ere.
Aurten, gainera, talde mistoen lehiaketa ere jokatuko da, eta 420 kiloan neurtuko dira taldeak. Bertan, Sakana-Amaiur, Basaburua-Imotz eta Berriozar lehiatuko dira. Bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, azaroaren 18an eta 24an, 600 kiloko txapelketarekin batera. Honekin emango zaio amaiera lau jardunaldiz osatuta datorren Nafarroako Txapelketari. Gero, hauetako gehienak Euskal Herriko Txapelketan arituko dira. Hala ere, berririk txarrena, talde berririk ez ikustea da, dudarik gabe.