GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Badaki, bai

Manuel Valls Barne ministro frantsesak deszentralizazio legean ez dutela Euskal Herria onartuko esan zuenean, hainbat euskal hautetsik beren haserre bizia agertu zuten, ministro horrek ez dakiela Ipar Euskal Herrian gertatzen denaren berri esanez. Ulergarria da haserrea; hala ere, nik uste dut ministroak oso ondo dakiela zer gertatzen den Ipar Euskal Herrian. «Zenbait diputatu eta alkatek erregio bat eskatzen» dutela dioen arren, ministroak badaki Ipar Euskal Herriko hautetsi gehien-gehienek lurralde elkargo propioa eskatu dutela, eta eskaera horrek inoizko babesik handia duela, hautetsiez gainera, hainbat elkarte eta instituzio ekonomiko sindikal eta sozialek bat egin dutela harekin. Ondo daki, halaber, ETAk behin betiko utzi duela bere jardun armatua. Horrexegatik, horren guztiaren berri ondo dakielako, hain zuzen, heldu dio Barne ministro espainiarraren eta PPren diskurtsoari. Eta jokaerari.

Esan beharra dago, nolanahi ere, herritarren asmo demokratikoa borroka armaturik ez dagoenean bezain zilegi dela talde armatu bat haren alde agertuta ere. Eta borroka armatua indarrean zegoenean orain bezain onartezina zela haren aitzakian herri borondateari muzin egitea.

Vallsek badaki, Fernandezek bezain ondo jakin ere, Ipar eta Hego Euskal Herriko egoeraren berri. Horregatik prestatu zuten elkarrekin euskal «arriskuari» aurre egiteko estrategia berria. Prestaketa lanak ez zuen luze jo, ordea: egoera berriari egokitutako estrategia orain artekoari eustea izatea erabaki zuten, «terrorismoaren» aitzakian. Izan ere, eurentzat euskal arriskua ez da ETA, herri borondatea baizik, baina «terrorismoaren» arriskua balitz bezala jokatzen saiatzen dira, disimulu ezin trauskilagoan, larderia eta harropuzkeria mozorrorik gabean.

Igandean ETAren zuzendaritza («kupula») desegin zutela iragarri zuten zenbait hedabidek; ondoren, absurduraino puztutako albiste hura airea galtzen hasi zen, egia hutsa agertu arte: Madrilek eta Parisek elkarrizketan, bakean, demokrazian arriskua sumatzen dute. Zalantzaren bat bazegoen ere, herenegun berretsi zuten, Aurore Martin atxilotu eta Madrilen esku utzita.

Martin espetxean da. Badakite probokazio horrek erantzuna izango dutela, baina ez eurek nahiko luketena. Heldu den larunbatean Baionara joateko beste arrazoi bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo