GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Estatuen erasoek herritarren kohesioa lortu dute

Frantziar eta espainiar estatuen egunotako bolada errepresiboak Euskal Herriarekiko estrategia politiko ezin okerragoa berretsi du, garaiz kanpoko estrategia, alegia. Atxiloketek, herritarren eskaera demokratikoen aurkako adierazpenek, legez kanporatzeko mehatxuek... min egiteko helburua dute, noski, eta lortu ere lortzen dute; baina, esan bezala, arlo politikoan, jardun errepresibotik haratagoko estrategiarik ez dutela agerian uzten dute. Norabidea galduta agertu dira Madril eta Parisko gobernuak, herritarrek seinalatutako norabidetik arras aldenduta. Ipar Euskal Herrian eraso gisa, komunitate oso baten aurkako eraso gisa, sumatu dituzte azken egunotako atxiloketak eta adierazpenak joera politiko guztietako herritarrek; Batasunetik hasi eta UMPrainoko hainbat hautetsik, tartean Parisen gobernatzen duen alderdiko euskal kideak, oker eta onartezintzat jo dituzte eta minduta agertu dira. Baina eraso horiek euskal herritarrak estatuen jarrera ulertzen ez duen komunitate anitz gisa agertu eta inoiz baino kohesio handiagoa erakustea lortu dute. Euskal gizarteak, Bidasoaren bi aldeetan, gero eta irmoago, gero eta ozenago eskatzen ditu denen arteko elkarrizketa bidezko konponbideak, eta alde guztien urratsak, nazioarteko itzal handiko ahotsek ere seinalatzen duten norabidean. Bi estatu horiek hartu dutenaren kontrakoan, hain justu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo