GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalen finantziazioaren araudi berria lehenbailehen aurkezteko eskatu diote PPri

Bilduk Arabako toki erakundeen finantziazioa arautzeko proposamena lehenbailehen aurkezteko eskatu dio PPko gobernuari, administrazioek zenbat diru izango duten jakin behar dutelako.
p018_f02_139x112.jpg

GARA | GASTEIZ

Bilduren Arabako biltzarkideak «toki erakundeen finantziazioa arautzen duen proposamen berria ahalik eta azkarren aurkezteko» eskatu dio Javier de Andresen Foru Gobernuari. «Une honetan udal gehienak aurrekontuak egiten hasi dira, eta ezinbestekoa da hurrengo urterako izango duten finantziazioa ezagutzea aldez aurretik», adierazi zuen atzo Patxi Martinez de Albeniz Bilduren biltzarkideak eskaera honen garrantzia eta premia argitzeko.

Koalizioaren ordezkariaren esanetan, kontuan hartu behar da «diru bilketan jaitsierak baldin badaude, udalerriek portzentaje hori itzuli behar» diotela Arabako Foru Aldundiari, eta «horrek udal aurrekontuen jaitsiera nabarmenak ekarriko» dituela ohartarazi zuen.

«Udalerrietan finantziazio nahikoa bermatzen ez baldin bada eta Rajoyren dekretuen ondorioak ikusita, berriro ere bizilagunek jasango dituzte galera hauek eta udalerriek eskaini behar dituzten zerbitzuek pairatuko dituzte murrizketa hauek», azaldu zuen koalizio soberanistak finantziazioaren murrizketak hainbat udalerritan eragin dezakeen egoera larriaz.

Eskaeraren premiak badu beste arrazoi bat. Pasa den ekainetik luzatzen ari da PPko Gobernuak egin behar duen aurkezpena, onartutako mozio batek aurkezpen data jarri bazuen ere.

Ekainetik, zain

Bilduk dioenez, azken urte honetan toki erakundeen finantziazioa arautzeko proposamen ugari aurkeztu eta onartu dira Batzar Nagusietan. Iazko urriaren 17an onartutako mozio baten arabera, pasa den ekainaren 30a baino lehenago aurkeztu behar zuen testu berria De Andresen Exekutiboak, eta ekainean bertan epea bete baino lehenago, De Andresen gobernuari aipaturiko proposamena «premiaz aurkeztea» eskatzen zion beste mozio bat onartu zen.

Horregatik, Patxi Martinez de Albeniz biltzarkideak interpelazio bat aurkeztu du «atzerapen horren arrazoiak eta aurkezteko data zehatz bat» jakiteko.

Finantziazioa arautuko duen testu berria esku artean izatearen premia aipatzean, Bilduren biltzarkideak gogoan zuen Arabako zenbait udalerriren egoera ekonomiko larria. Hiru udalerritan bideragarritasun planak onartu beharra izan dute. Bilduren esanetan, beste udal batzuk egoera berean aurki daitezke.

«Ezin da denbora gehiago galdu premiazkoa delako eztabaida honi heltzea. Izan ere, diru sarrerak murrizten joan dira etengabe eta gure toki erakundeetako egoera ekonomikoa gero eta larriagoa da krisialdiaren ondorioz eta zerga bilketaren ondorioz», adierazi zuen koalizioak. Hori dela-eta, PPren atzerapena «egoera larriagotzen» ari dela nabarmendu zuen.

aurrekontuak

Bilduk interpelazioa aurkeztu du, arauaren aurkezpenaren atzerapenaren arrazoiak jakiteko eta noiz egingo duten galdetzeko, udalek aurrekontuak prestatzeko ezinbestekoa dute-eta zenbat jasoko duten jakitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo