GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

POBREZIA EUSKAL HERRIAN

Krisiak oinarrizko beharrak jan ez ditzan, lanean dihardute elikagai bankuek

 

p006_f02.jpg

I.O. | DONOSTIA

Xahutzen den janariari probetxua atera eta behar dutenen artean banatzea da elikagai bankuen zeregin nagusia. Orain arte, muturreko pobrezian bizi ziren pertsonengan kokatzen zen elikagaien beharra. Krisi ekonomikoak ordea, areagotu egin du oinarrizko baliabide honen gabezia, baita orain arte egoera ekonomiko egonkor batean bizi zirenen artean ere.

Antton Mendizabal Gipuzkoako Elikagaien Bankuan aritzen da boluntario, eta azken hiru urteetan elikagaien eskaera nabarmen handitu dela aitortu du. Elkarte eta erakundeekin egiten du lan elikagaien bankuak, hots, janaria gizarte beharretara zuzendutako Gipuzkoako elkarteetan eta udaletxeetan banatzen du, hauek beharrean dauden pertsonei helaraz diezaieten. Hasieran, banaketa irekia zela azaldu du Mendizabalek, baina ilara luzeak sortzen ziren eta elikagaiak benetan behar dutenen artera iristen direla bermatze aldera, banaketa erakundeen eskuetan uztea erabaki zuten.

Aldaketa horren ondorioz, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak ez dauka zenbatuta janaria eskatzen duen pertsona kopurua, bai ordea herritarrei banatzeaz arduratzen diren elkarteena. Horrela, 2009. urtetik hona elikagaien bankura jo duten elkarteen kopurua nabarmen igo da.

Mendizabalek emandako datuen arabera, 2009an 188 elkarte ziren bankuaren zerbitzuak eskatzen zituztenak. Poliki-poliki, krisiaren ondorioak nabaritzen hasi ziren, eta 2010ean, 200 ziren elikagaiak eskatzen zituzten erakundeak, eta 224, 2011. urtean. Aurten, oraingoz beste hamar elkarte batu zaizkie. Eskualdeen egoerari buruz, behar handiena Donostialdean nabaritzen dela azaldu du Mendizabalek. Txanponaren beste aldean Debagoiena eskualdea dago, elikagaien bankuak dituen datuen arabera, ondoen dagoen eskualdea baita hau.

Elikagaien bankuko biltegitik, gainbeheran doan egoera ekonomikoaren ondorioek gizartearen sektore zabal bat kolpatu dutela uste du Mendizabalek. «Orain arte pentsaezina zen jende talde bat dator elikagai bila», nabarmendu du. Langabeziak, gizarte laguntzen gabeziak edota soldata murrizketek oinarrizko beharrak esponentzialki handitu dituztela baieztatu du.

Zorrei aurre egin beharrak, beste oinarrizko behar batzuk bigarren maila batean uztera eraman ditu herritar asko, «pobrezia ezin gainditu» bat eraginez.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo