Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Azal beltz, maskara zuri
Peau noire, masques blancs» liburuan azaltzen duenez, Parisen zela ume batek egindako komentarioaren harira jabetu zen Frantz Fanon (Martinika, 1925-Maryland, AEB, 1961) bere belztasunaz. Frantziako hiriburuko kaleetan zehar zihoan batean, haur batek atzamarra berarengana zuzendu eta «ama, begira, beltz bat. Beldur naiz, jan egingo nau», esan zuen. Lehen aldia zen filosofo eta psikiatrak beltz moduan ikusten zuela bere burua. Jaioterrian, Martinikan, azalaren koloreak baino gehiago baliabide ekonomikoek eta hezkuntzak, azken horren faltak hobe esateko, bihurtzen zuten bat beltz. Klase ertaineko familia bateko kide izanik, Fanonek Schoelcher lizeoan, Martinikako bigarren hezkuntzako zentrorik onenean, ikasteko aukera izan zuen. Martinika bezalako kolonia batean, halako heziketa jasotzeak metropoliaren orbitan jartzen zuen bat. Alabaina, umearen komentarioak bere lozorrotik atera zuen Fanon. Metropoliaren begien aurrean, kolonietako produktu bat zen bera, bigarren mailako herritarra, beltza. Jasotako heziketak ez zuen bere belztasuna arintzeko balio, metropoliaren balioetan oinarrituta zegoelako. Are gehiago, zurien moduan jokatzeko balio zuen, baina bera ez zen zuria, zuriek ez zuten zuri moduan antzematen.
1952an idatzi zuen Fanonek «Peau noire, masques blancs», jazarpen kolonialak beltz moduan identifikatuak diren gizabanakoengan duen eragin psikologikoa aztertzeko asmoz. Gaur egun, arrazakeria forma ororen eta egitura (neo)kolonialen kontrako aldarritzat hartua da aipatu lana. Hirurogei urte geroago, «Peau noire, masques blancs»-ek funtsezko lana izaten jarraitzen du.