GARA > Idatzia > Kultura

«Goenkale» telesailaren sekretuak, Arriaga antzokian

Gipuzkoan estreinatu ondoren, Bilboko Arriaga antzokira iritsiko da ETBren lehen katean hemezortzi urte bete dituen «Goenkale» telesailaren antzerkirako moldaketa. Glu Glu eta Pausoka konpainien elkarlanetik sortu da «Goenkale (Kondesaren erretratua)».
p045_f01_148x72.jpg

GARA | BILBO

Telebistan adinez nagusi egin den «Goenkale» serie mitikoa antzokietara pasatuko da Pausoka eta Glu Glu konpainien elkarlanari esker. «Goenkale (Kondesaren erretratua)» lana Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da, azaroaren 5etik 7ra bitartean.

Jokin Oregik zuzenduta, antzokietarako egindako moldaketa honetan sei aktorek hartuko dute parte: Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Ylenia Baglietto, Karlos Nguema, Xabier Perurena eta Yannick Vergara dira. Testuaren egilea, berriz, Kepa Errasti izan da, telesaila ekoizten duen Pausokako gidoilari taldekoa.

«Goenkale (Kondesaren erretratua)» urriaren 5ean hasita Tolosa, Elgoibar eta Azpeititik igaro ondoren, 2013ko uztailera arte hainbat agertokitara eramango duen bira batean iritsiko da Arriaga antzokira.

«`Goenkale Antzerkia' gure adin-nagusitasunari egiten diogun opari bat da, eta opari horretan partaide egin nahi ditugu ikusleak, konplizitatez beteriko antzezlan atsegin eta oso dibertigarri batean», azaldu zuten atzo. Telesailean bezala, intriga, maitasun istorioak eta komedia izango ditu lanak eta «Goenkale»-ko hastapeneko pertsonaien inguruan orain arte ezkutuan egon den datu bat ere argituko omen dute.

EMANALDIAK

Azaroaren 5etik 7ra -7an eskolentzako emankizuna baino ez- izango da antzezlana Bilbon ikusgai. Sarrerak: 6,50 eta 21 euro bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo