GARA > Idatzia > Kultura

Manuel Lekuona euskaltzaina gogoratzeko omenaldi eta bertso saioa Oiartzunen

GARA | DONOSTIA

Manuel Lekuona euskaltzain, antropologo eta hizkuntzalaria hil zela 25 urte bete diren honetan (uztailaren 30ean), Oiartzungo Udalak (Gipuzkoa) omenaldia eskainiko dio Etxetxikiko apaizari. Horrela, azaroaren 7an kultur ekitaldi berezia izango da udaletxeko areto nagusian, 19.00etan, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.

Ekitaldian parte hartuko dute udal ordezkariek, Manuel Lekuona zenaren senideek, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ordezkariek. Izan ere, bi erakunde horiekin harreman estua izan zuen Manuel Lekuonak bizi zen artean.

Egun horretan bertan, Euskaltzaindiak zuzendaritza batzarra egingo du Oiartzunen bertan. Manuel Lekuona bera euskaltzaina (1950) eta euskaltzainburua aukeratua izan zen (1967tik 1970era), Jose Maria de Lojendioren ostean. Iruñean egin zuen sarrera-hitzaldia, «Gorotzika'tik Gurutzeaga'ra» izenburua izan zuen txostena irakurriz. Era berean, Axularren «Gero» liburuaren laugarren edizioa paratu zuen, Euskaltzaindiaren aginduz.

Oiartzungo Udalak herriko seme kutun izendatu zuen Manuel Lekuona 1988an, hil ondoren. Aurretik, Gipuzkoako Diputazioak ere izendatu zuen seme kutun, 1983an.

Halaber, Manuel Lekuona zena omentzeko bertso saioa ere antolatu dute, asko maite baitzuen bertsolaritza. Batik bat, Manuel Lekuona izan zenaren figura gazteen artean ezagutarazteko prestatu dute saioa. Jon Martin, Jokin Uranga, Igor Elortza eta Jon Maia arituko dira kantuan, Ander Lizarraldek jarritako gaien inguruan. Saioa azaroaren 9an izango da, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian, 22.00etan. Sarrera dohainik izango da, tokia bete arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo