Jon Ordoñez. BERRIA, 2012/10/30
Espainiaren manerak
Manuel Valls Frantziako Barne ministroak adierazpen kezkagarriak egin ditu. Lurralde elkargoa eta ETA lotu ditu, ETAk armak «uzten» ez dituen bitartean malgutasunik ez dela izango iragarriz. Elkargoarena ez da ETAren aldarria, ordea, gizarte zibilarena baizik, Batera mugimendua aurrean dela.
Ez ziren izan «diputatu eta alkate batzuk» elkargoa eskatu zutenak, Vallsek adierazi bezala. Hautetsien Kontseilua plurala da (UMP, PS, abertzaleak...), eta irailaren 13an diputatu eta senatari guztiek bat egin zuten eskaerarekin. Babes handia izan dute gero, Merkataritza eta Industria Ganberatik hasi eta unibertsitateraino: Garapen Kontseiluko kideak, sindikatuak, Laborantza Ganbera, gizartearen ordezkariak...
Vallsen hitzek iradokitzen dute Espainiaren interesa ETAren aurkako borrokatik haratago doala, Frantziaren barne antolaketa zaintzen duela. Frantziari, baina, ez dio mesederik egiten Espainiaren interesak eta jokatzeko moduak barneratzeak. Vallsek dio ez duela elkargoaren eztabaida zabaldu nahi; gizarteak, ordea, zabaldu du jada.