GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazaritza ekologikoa eta ekonomia lokala indartu nahi ditu EHKolektiboak

Europar Batasuneko legediak zenbait arlo erabat zehaztu gabe uzten dituelakoan, Euskal Herriko baldintza klimatiko, ekonomiko eta sozialak kontuan hartzen dituen nekazaritza ekologikoa garatu nahi du zazpi lurraldeetako baserritar eta nekazari elkarteak biltzen dituen EHKolektiboak. Datozen bi urteetan proiektua sendotzeari ekingo dio; jasangarritasuna bermatzea eta, tokiko ekonomia indartzeko, salmenta zuzena berreskuratzea izango ditu helburu.

p027_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

«Nekazaritza iraunkor bat nahi badugu, ez dugu ekologikoa ez den beste biderik ikusten». Esaldi horrek laburbildu dezake azken bost urteetan Euskal Herrian nekazaritza ekologikoaren arloan lanean dabilen EHKolektiboaren xedea, hala azaldu dute Roman Bengoa Euskal Herriko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko (ENEEK) lehendakari eta EHkolektiboko kideak eta Aloña Gonzalez EHKolektiboko dinamizatzaileak. Urrian, bere laugarren topaketak egin zituen EHKolektiboak eta datozen bi urteotarako erronka jarri zuten: nekazaritza agroekologikoa hobetu eta Euskal Herrira egokitutako eredu propioa definitzea.

Euskal Herri osoko baserritarrek eta nekazaritza kolektiboek osatzen dute EHKolektiboa. Zehazki, Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkartea (BLE), ENEEK, Nafarroako Landare, Gipuzkoako Biolur, Bizkaiko Lurreko eta Arabako Bionekazaritza kolektiboek osatzen dute kolektiboa. Nekazaritza ekologikoaren arloan indarrean dagoen Europako legediak zenbait gabezia dituelakoan, Euskal Herriko baldintzak aintzat izango dituen eredua bultzatu nahi dute. Horretarako, Europar Batasunetik jasotako Interreg laguntzaz baliatuko dira.

Gonzalezek eta Bengoak aipatu zutenez, ekoizpen ekologikoa normalizatzen duen Europako legedia «tresna bat da, baina Euskal Herriko baldintzetara egokitzen den eredu bat garatzea beharrezkoa da». Araudiak gehienbat baldintza teknikoak lantzen dituela azaldu zuten eta tokian tokiko berezitasunak azpimarratzeko aukera galtzen duela uste dute. Horregatik, bertako klima, baldintza sozialak eta ekonomia kontuan izango dituen nekazaritza ekologikoa sortu nahi du kolektiboak.

Nolako agroekologia nahi dugu?

Bengoak hamazazpi urte daramatza nekazaritza ekologikoan. Tailerra utzi eta bizitza aldatu nahian hasi zen nekazaritzan, eta hasieratik izan zuen argi nekazaritza egitekotan, ekologikoa izan behar zela. Hasieran, merkatuan sartzeko bide egokia ikusi zutela aitortu zuen, baina denborarekin askoz arrazoi gehiago ikusi zituzten aurrera jarraitzeko. «Mundu honetan sartzen zarenean konturatzen zara zenbat astakeria egiten diren naturarekin elikagaiak lortzeko», salatu zuen.

Hain zuzen ere, naturarekiko errespetua eta iraunkortasuna dira nekazaritza ekologikoaren oinarriak. EHKolektiboak, arlo teknikoaz haratago, baliabide ekonomikoak eta balio sozialak ere garatu nahi ditu. Horrela, salmenta zuzena berreskuratzea da lehentasun nagusia. Bengoak azaldu zuenez, tokian tokiko ekonomia indartu nahi bada, zirkuitu laburrak garatu behar dira. «Esplotazioen independentzia beste batzuen esku uzten bada, ekoizteko eta komertzializatzeko orduan, azkenean eskuak lotuta topatzen zara gauza asko egiteko», baieztatu zuen. Zentzu horretan, salmenta zuzena ustiategien bideragarritasuna lortzeko eta tokiko ekonomia bultzatzeko beharrezkoa dela berretsi zuen.

Bestalde, arlo teknikoarekin lotutako zenbait puntu zehaztu nahi ditu kolektiboak. Bengoaren arabera, araudiaren puntu batzuek interpretazioak modu batera edo bestera egiteko aukera ematen dute, horregatik zehaztasun gehiago eskatzen dute, esaterako produktu kimikoen erabilerari eta transgenikoei dagokienean.

Era berean, egungo eredu globalizatuak eredu ekologikoaren funtsa diren zenbait gai alboratzen dituela uste dute, sasoikotasuna, bertakotasuna eta jasangarritasuna kasu. Horiek guztiak batzen dituen eredua nahi du EHKolektiboak. Sektoreak biziraun dezan, argi daukate hartu beharreko norabidea: «Ez dago beste irtenbiderik. Edo egiten dugu iraunkorra izango den nekazaritza ekologikoa, edo nekazaritza gabe geratuko gara».

zirkuitu laburrak

Ustiategien bideragarritasuna eta tokiko ekonomia bermatze aldera, zirkuitu laburrak garatu behar direla dio kolektiboak, salmenta zuzenean oinarritutako merkatu bat garatuz.

transgenikoak

Europar legediak zenbait gabezia dituela uste du EHKolektiboak, arlo teknikoan adibidez, produktu kimikoen erabilerari eta transgenikoei buruzko zehaztapen gehiago eman beharko lituzkeela uste du.

Zigilu komertzial propioa, bertako produkzioa babestu nahian

Euskal Herriko agroekologia definitzearen baitan zigilu komertziala sortzeko proiektua ere badu EHKolektiboak. Zigiluaren bitartez bertan ekoiztutako produktu ekologikoak identifikatu nahi ditu. Hala ere, Gonzalezek nabarmendu zuenez, oraingoz proiektua besterik ez da eta kolektiboaren helburuetako bat den arren «ez da helburu garrantzitsuena». Hasteko, euskal nekazaritza ekologikoaren nondik norakoak zehaztu nahi dituzte eta horren arabera garatuko dituzte ondoren komertzializazioarekin lotutako egitasmoak. «Gure helburua ez da zigilu komertziala, hori ondorio bat izango da».

Ostera, marka komertzialak zenbait abantaila izango dituela uste dute, esaterako bertako produktuak indartzeko balio dezake. Asteroko merkatuak eta merkataritza txikiak indarra galtzen ari diren honetan, berauek suspertzeko baliagarria izango delakoan daude, batik bat, zirkuitu txikietara egokitutako zigilua izango litzatekeelako.

Zigiluaren izaerari buruz, oraindik ere modalitatea zehaztu gabe dagoela azaldu zuen Gonzalezek, baina marka kolektibo pribatua eredu egokia izan daitekeela aipatu zuen. Markaren printzipio eta baldintzak norberak ezartzen ditu eta sortzeko garaian lan handiagoa exijitzen badu ere, kudeaketan autonomia gehiago eskaintzen du. Era berean, kalitatearekin lotutako ohiko zigiluetatik desberdindu nahi dute, ekoizpen ekologiko eta iraunkorraren bermean zentratuz, EHKolektiboaren ustez, kalitatea «lehen itxuratik haratago doan zerbait» delako. I.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo