GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kalabazak, plazan

Lasaitu ederra hartu dut egunotan, santu guztien kontura. Neure gorputzarekin aspalditik neuzkan zorrak kitatzeko beta ere hartu dut, lasaituarekin batera. Eta horra! behatzetako azazkalak moztu ditut, behingoz!. Katrinak hango kosta kolpatu zuenetik ez nintzen behatzetaraino makurtzen, zerra eskuan behintzat; kontuak atera, epidurala hartu behar izan dut!. Beharbada Sandyk kolpatu izanak bultzatu nau oraingoan horretarako beta hartzera. Halloweenek behintzat seguru ezetz! Kalabazak non hobeto azokan baino?. Tira, harira!. Urakan zer horrek indartsu eraso du hango ekialdeko kosta, eta lotsabako. Oraingoan Pentagonoak ezin izan du bere burua defendatu, sateliteak eta guztiz, munduetan barreiatuta dituen marine guztiak, denbora batez gizaldeko misioak bazter utzita, etxera bildu izan balitu ere ez. Ezin enbata ekidin.

Adituen ustez klima aldarazketari lotua izan daiteke gertatua, eta hauxe kolpea! oraingoan ez du horretan ardura gutxien duten hegoaldeko herrialdeetan kolpatu. Bada zerbait, zerbait izatekotan!. Total, bost bat milioi hiritar argirik gabe han, non eta eguzkitan ere neongo hiritzarra den hartan; gure inguru hurbilean lanik gabe dauden beste. Ilunean, kasu bietan. New Yorkeko metroa geldi, Bilbokoa garai batean bezala. Brooklyn antzerki gutxi, antzokietan behintzat. Queens sutan, Siriako herriska bat bailitzan. Eta zein kale eta Wall Street bera zarratuta! Suminduek lortu ez zutena Sandyk lortua!. Klima bera, ozeanoa lagun, bero-bero egin eta sumindu den seinale edo. Baina kolpaldia pasatuta urak arauen onera etorri, haizeak arauen mugara apaldu, hondatua onbidean jarri eta kanpaina aurrera doa, hazkundea nork gehiago ekarriko. Hondamenak eta ondasunak batzuen txanpon bereko aldeak direla pentsatzera iritsi gabe, seguruenik, txanpon hori dolarra edo euroa izanda ere. Marra gorriak hortxe dira, inon izatekotan.

Gure inguruko marren gorriak izaten duen txarrena ondoko horixka da. Hara zer marka!. Ez da harritzekoa noiz edo noiz haizea zatartzea Gorbeiako tontor aldean, Kantauri itsasoa lagun. Handik ikusten den lurraldea kutsatzeko asmoz jarritako hori energia berriztagarriaren sorburua da. Eta hori hala bazan sar dadila kalabazan eta atera dadila azoka duen plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo