GARA > Idatzia > Kultura

Literatura bilduma, unibertsala... eta urrezkoa

Hilabete honetan argitaratu berri diren Kincaid eta Melvilleren lan banarekin (Alberdania, Erein eta Igela) Literatura Unibertsala bildumak bere hirugarren aroari ekin dio, baita Urrezko Biblioteka osatzeari ere, «Hamlet» eta «Gulliverren bidaiak» Elkar etxean berrargitaratuta.

p044_f03_121x172.jpg

Anartz BILBAO

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, EIZIEk, Lakuako Kultura Sailarekin egindako akordio batek jarri zuen abian Literatura Unibertsala, euskaraz beharko genituzkeen literatur lan klasikoak itzultzeko asmoarekin.

Literatura Unibertsala bilduma 90eko hamarkadan jarri zen abian, eta lehen aroan ehun izenburu ekarri zituen euskarara, Ibaizabal etxeak argitaratu zituenak. Elkarteak sortu zen unetik agertu zuen munduko literatura euskarara itzuli eta argitaratzeko kezkari erantzunez, 1988an hasi zituen elkarrizketak Lakuako Kultura Sailarekin eta Euskal Editoreen Elkartearekin geroxeago. Lurdes Auzmendik EIZIEk argitaratzen duen «Senez» aldizkarian, lehen aroari buruz, honakoa idatzi zuen 1995eko urtarrilean. «Guztira ehun bat obra itzuli eta argitaratzea erabaki zen, honetarako bost urtetako epea jarri zelarik. Ausartegiak izan ginen euskal itzulpenaren egoera eta itzultzaileen baldintzak baloratzeko orduan. Lehen urtean hogei obra itzultzeko lehiaketa publikoa egin eta bederatzi bakarrik adjudikatu ziren, eta bi urtetan hogei, berrogei itzultzeko asmoa bazegoen ere». Hortaz, eta Auzmendiren aburuz, «ateratzen den ondorio nagusia hau da: literatura kalitate maila egokiarekin edo onarekin itzuli dezaketen itzultzaile asko ez daudela gure herrian (...) literatur idazle eta itzulpen tradizio laburra eta ez oso sendoa baitu gure herriak». Beste garai batzuk ziren.

Bigarren aro batek, milurtekoaren lehen hamarkadan, 2002a arte, beste 52 lan eman zituen plazara, Elkar eta Alberdania etxeen lankidetzari esker -lehiaketa publikoz hautatutako argitaletxeak, lehen aroan legez-.

Hirugarren aroari hasiera eman aurretik, ordura arteko bildumari buruzko iritziak jaso nahi izan zituen EIZIEk, literatur itzultzaile, idazle eta literatur kritikoen artean galdetegi bat zabalduta -hogeita bost erantzun jaso ei zituzten-, eta «Senez» aldizkarian eman zituzten bilduma aztertu zuen Eli dosierraren emaitzak, 2009ko urrian. Bilduma 150 tituluetara heltzear zela, batzuek funtsezkotzat zuten ekimena, baita amaigabeko lantzat ere. Azterketak %91 gizonezkoen obrak zirela agertu zuen, eta haietatik %84 europarrak. Kasik guztiak zuriak (%98), eta sinesmenei begiratuta, nagusiki kristau fedean hezitakoak.

Hizkuntzen aldetik ere desoreka nabaria zen, nagusi baitziren ingelesa, frantsesa eta italiera, errusiera eta alemana. Beraz, eta emaitzak ikusita, boteprontoan esan zitekeen: «Bildumak unibertsala izan nahi badu zinez, ikuspegi maskulino-eurozentristatik harantzago joan beharko luke», eta hizkuntzari dagokionean, beste hizkuntza eta «urrutiragoko kulturetako lanak bultzatzea» proposatzen zuen EIZIEk. Baziren proposamen gehiago ere, poesiaren hutsunea nabaria zela eta, bilduma paralelo bat egiteko aukera, esaterako.

Beste kezka batzuen artean, obrak jendeari helarazteko ahalegin nahikoa egiten ote zen galdetu eta eskoletara helarazten lan handiagoa egin beharko litzatekeela ere iradokitzen zen.

Gogoeta egin ostean eta gabeziak aztertuta, «kontu batzuk aldatu beharra ikusi genuen» adierazi zion, ildo beretik, EIZIEko lehendakari den Bakartxo Arrizabalagak GARA egunkariko «Mugalari» gehigarriari iaz. «Egile batzuk falta zitzaizkigun, batez ere emakumeak eta Europa edo Ameriketatik at ziren literaturak», mendebaldar ikuspegia ez zutenak.

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, EIZIEk, agertzen duenez, «iaz bildumak hirugarren aroa jarri zuen abian, beste 50 liburu argitaratzeko ardurarekin», Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek bat eginik plazaratuko dituztenak.

Hirugarren aro honek argitaratuak ikusi dituen lehen lanak Jamaica Kincaiden «Nire amaren autobiografia» (Alberto Martinez de la Cuadra izan da itzultzaile) eta Herman Melvilleren «Benito Cereno eta Billy Budd» (Jose Ramon Vazquezek euskaratua) izan dira -iragan astean ikusi zuten argia-. Eta gainera, aurki ikusiko ditu plazan Xabi Payak itzuli duen Calderon de la Barcaren «La vida es sueño» eta Monika Etxebarriak euskarara ekarritako Alain Fournierren «Le grand Meaulnes» ere -ez dugu euskaraz hartuko duten izenaren ezagupenik-.

EIZIEk, lan hauek aukeratzeko, lehen arotik, zerrenda bat argitaratzen du, eta itzulpen lehiaketa baten bitartez hautatzen ditu itzultzaileak. Hauek, burutu nahi duten itzulpenaren lagin bat aurkeztu behar dute euskaraz -normalean liburuaren hasierako hamar orrialdeak-, eta lana jatorrizko liburutik itzuli ez bada, gutxienez bi sorburu hizkuntza erabili beharko ditu.

Arestian agertutako izenburuez gain, 2011n lan hauek ere esleitu zituzten -2012an ez da lehiaketarik izan, iazkoarekin bi urterako plangintza osatu baita-, eta aurreikuspenen arabera datorren urtean argitaratuko dira: Lobo-Antunesen «A ordem natural das coisas» (Iñigo Roque itzultzaile), Elias Canettiren «Die gerettete Zunge» (Ibon Uribarri), Mary Shelleyren «Frankestein» (Iñigo Errasti) eta Merce Rodoredaren «Mirall trencat» (Antton Olano).

Gainera, euskaldunok literatura unibertsala euskaraz irakurtzeko aukera izan dezagun egindako saiakeran, EIZIE konturatu zen, lan horiei ikusgarritasuna emate aldera eta Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleei begira, komenigarria zela material osagarria eskaintzea. Beraz, 2001. urtean plazaratutako testu liburua agortua zegoenez, Iñaki Aldekoa eta Mari Jose Olaziregiren «Literatura Unibertsala. Batxilergoa 2» argitaratu du aurten Erein argitaletxearekin lankidetzan, itzulitako literatura sustatzeko asmotan.

Urrezko Biblioteka

Literatura Unibertsalaren hirugarren aroarekin bat, EIZIEk, «bildumako lehen ehun izenburuak eskuraezinak» direla jabetuta, eta hauen esangurari erreparatuta, «obra horiek paperezko liburu forman berreskuratzeko plangintza diseinatu zuen 2010ean», lehiaketa publikoz ardura hori Elkar argitaletxeari esleituta. Hala ere, eskuraezinak diren lan horietako berrogeiren bat Armiarma literaturaren sarean dira eskegita «Liburu Elektronikoak» atalean: Choderlos de Laclosen «Harreman arriskutsuak», Pushkinen «Kapitainaren alaba» edo Twainen «Huckleberry Finn-en abenturak», sorta bat aipatzearren.

Urrezko Biblioteka deituriko bilduma osatzen dute berrargitaratuko liburuek, hogei titulu guztira. Asmoa biblioteka bost urtean osatzea da eta, beraz, lau titulu argitaratzea urtero, iaz hasita. Horietarik sei plazan dira jada: Ionescoren «Emakume abeslari burusoila», Mansfielden «Lorategiko festa», Poeren «Kontakizunak» eta Defoeren «Robinson Crusoe» eta plazaratu berriak diren Shakespeareren «Hamlet» eta Swiften «Gulliverren bidaiak». Plazaratzeko bidean direnen artean, aurki ikusiko dute argia Flauberten «Madame Bovary» eta Lermontoven «Gure garaiko heroia» lanek, eta gero gainerakoek.

Guztiak ere orain 15-20 urte euskarara ekarritako izenburuak dira -Swiften lana izan zen, hain zuzen ere, 1990ean Literatura Unibertsala bildumari hasiera eman ziona-, eta beraz, «aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orrazketa edo zuzenketa beharra dute itzulpenok, eta horretarako prozedura ere finkatu da berrargitalpen planaren barruan», EIZIEk dioenez. Beraz, biblioteka hautatu eta osatzeko, elkarteak batzorde bi sortu zituen. Lehenengoak ehun izenburu horietatik funtsezkotzat jotzen zituen hogeiak aukeratu zituen abiapuntu. Gero, bigarrenak «obra bakoitzari buruzko irizpena idatzi zuen, itzulpenaren puntu ahulenak, liburuan sumatzen zituzten joerak eta hobetu litezkeen gauzak azalduz», EIZIEk berak dioenez. Txosten hauetan oinarrituta zuzenketak egin izan dira gero, bere garaian liburua itzuli zutenen eskutik gehienetan, baina ez beti, inoiz lan hori editoreak hartu baitu bere gain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo