GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA | Hasiera

Haurren begietatik

p044_f02_46x67.jpg

Asun AGIRIANO

Liburu honetan testua eta irudiak elkarren osagarri dira, eskutik helduta doaz ohiko bihurtu zaigun gertaera lazgarria irudikatzeko. Hasiera da izenburua, baina, izatez, amaiera da, gerraostean kokatzen baita. Paisaia desolatuaren aurrean, ezer gutxi geratzen denean, haurren begirada da hasiera: «...jendea triste zegoen...norbait jolasten hasi zen...neska ezezagun bat barre egiten hasi zen...».

Irudietan haurren begirada garbia bereiz daiteke, ostera ere berriaren berriz hasteko prest dagoena, larrialdietan agertzen den gainditze gogoa, bizirik egotearen poza, haurren bizirik irauteko sena.

Marrazkiek gidatzen gaituzte kontakizunean, ikusgarriak dira, hitzek baino irudiek dute pisu nabarmenagoa, hiperrealistak dira. Esperantza mezua helarazteko orduan, ilustratzailea ez da ahalegindu irudiak goxo eta atsegin bihurtzen, kolore marroia eta grisa dira nagusi, hautsak dena hartu izan balu bezala. Haurrek suntsipenaren paisaian jolasten dute, harri eta kristalen artean egiten dute festa.

Berlinen bizi den ilustratzaile honen lehenengo liburua dugu, izugarrikeriaren aurrean samurtasuna erakusten digu, irudimenaren indarra adierazten digu.

Testua, berriz, Paula Carballeira idazle galiziarrarena dugu, esaldi laburrak, ideia nagusiak sakonak, eta deskribapen biluziak «...argindarrik ez zegoen...lurra kristalez beteta zegoen...» ez da beharrezko hitz ugari, ingurua suntsituta agertzen denean.

Kontakizuna xumea da, tonu poetikoa, nabarmena: ...autoan bizitzera joan ginen, geroztik, bizitzea bidaiatzea zen...».

Pamiela argitaletxeak idazle honen beste liburu interesgarri bat kaleratu du aurten: «Smara». Lehendik ere baginen «Matteo» eta «Patxiku» album ilustratuen miresle.

Ataka estuetan ilusioa izateko mezua bidaltzen digun liburua dugu, horregatik da adin guztietarako gomendagarria, bikaina eta beharrezkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo