GARA > Idatzia > Kultura

POESIA

Apaletik aske

p044_f04_50x76.jpg

Iker ZALDUA

Iñigo Astiz izena nire kasuan, momentuz, zerrenda horretan sartuko dut. Beste zerbait topatu diot, zerbait berezia eta azaltzen saiatuko naiz zergatik. Hasteko, ez du poesia eraikitzen hiztegietan gorderik, ezkutaturik, agertzen diren hitzak bata bestearen segidan pilatuz. Ez da nahasten esaldiak gehiegi janzten, dotoretzen. Edukia aberasten du, hitz arruntak erabiltzen ditu, «esaldi poetikorik» gabe egiten du poesia. Esaldi arruntak behar bezala antolatu mezua (lerro artean nahiz agerian) igortzeko.

Gustatu zait, bada, poesia egiteko duen modua, estiloa. Eta gustatu zait edukia, sakontasuna. Irudi sinpleak erabiltzen ditu, guztiok ulertzeko modukoak, barruan duen aldarria kanporatzeko, irudi sinpleak kontu konplexuak azaltzeko. Horren adibide da, «Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko» izenekoa. Poema laburra da, maitasun hitzik sartu gabe maitasuna adierazteko. Maitasunaren erupzioa dela esango nuke, arestian aipaturiko hiztegiko hitz lerdenak erabili gabe gertatu dena. Erraza dirudi, baina ez da erraza.

Maitasuna da gaia hor eta maitasuna da gaia beste askotan. Berak aitortu zuenez, gai bat hartu eta hainbat bertsio egin ditu. «Oraindik baina jadanik» azpimarratu nahi dut horren harira. Aitonei eskainitako poema honek badu aitari eskainitakoaren antzik, maitasun hitzik gabeko maitasun deklarazio itzela: «Dena dago bere lekuan. Kasik oihartzunik ez du oraindik/ baina jadanik bat gutxiago gara». Poema hori irakurrita enpatia datorkit gogora, enpatia, atxikimendua dudala harekiko. Ez da hori, ordea, zehazki poemak esaten didana. Nire amonak badu modu bat enpatia adierazteko, enpatia mota hau adierazteko, «sentimendua jartzen zait», hori dio amonak, eta hori diot nik hau irakurtzean.

Heriotza, familia eta denbora dira beste gaietako batzuk. Familia, aipatu bi poemetan ageri-agerian. Heriotza ere bai esango nuke, bietan irmo. «Objektuak» izenekoan ere heriotza, «Oraindik baina jadanik» beste bertsio batean, apika maitasunaren akordeak kenduta. Denbora ere bertsio ugaritan, aldaera askotan. Horren lekuko dira «Audiogida, «ETB1», «Aurkikuntza edota «Esperimentu presentziala eskaileretan». Lehenengoak museo batean kokatzen gaitu eta museo barruko denbora eta kanpoan igarotzen dena erritmo ezberdinean abiatzen direla dirudi, azkenean bata besteak irentsi arren. «ETB1» izenekoan patuarekin nahasten da denbora, denbora paturaino iritsiko dela, ez ikusiarena egin arren. Aurkikuntza errutinaren aurkako aldarria da, iraganaren sukar-ametsa. Esperimentuarekin denbora eta espazioa besarkatzen ditu.

Baina hori baino askoz gehiago da, existentzialismo-zipriztinak, eszena poetikoak, bidaia-poemak, literaturarekin eta literaturarekiko harreman adibideak, aipuak eta aitorpenak.

Aitorpena baita azkena, «Euskal Herria (Ginsberg erara)» izenekoa. Guztiok dugu harreman pertsonal berezia, berezkoa, sorterriarekin. Astizek ere badu berea, eta poema luze horretan (luzeena, esateko asko dugu-eta) galderak eta erantzunak luzatzen ditu. Ez dakit 37 izango diren, baina galderak luzatzen ditu, aitorpen kutsuz erantzuten dituenak; berez erantzun diren galderak ere bai, otsoa eta ardia bezalaxe.

Horregatik guztiagatik, aparteko lekua izango du, momentuz, Astizek nire txokoan. Eta liburu hau nire orainaldi izango delakoan nago etorkizunean ere, etorkizun laburrean behintzat bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo