Zaleei «antzerki zaitut» amodio aitortza eginez ospatu da Usurbilen III. Antzerkizale Eguna
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) egunbeteko antzerki jaia ospatu zuen atzo Usurbilen. Hauxe da, euren esanetan, antzerkizaleei hor egoteagatik eskerrak emateko modurik onena.
GARA | DONOSTIA
Antzerkizaletasuna sustatzeko eta antzerkizaleek gozatzeko asmoarekin sortu zen Antzerkizale Eguna, eta Villabonatik eta Mungiatik pasatu ostean, Usurbilen ospatu zen atzo hirugarren edizioa, «Antzerki zaitut!» lelopean. Halaxe adierazi zuten «antzerkizaletasunaren izenean», Garbiñe Astiazaranek eta Ixabel Agirresarobek irakurritako manifestuan: «Norberaren gustukoa topatzen ez duenak... sor dezala berea! Izan ere, maitasunean bezala, `Antzerki zaitut' esateko modu guztiak asmatu gabe daude oraindik».
Eta maitasunean bezala, «`Antzerki zaitut' esaten dugunean `Antzerkiak bizi gaitu' esaten ari gara aldi berean», erantsi zuten. «Esana daukagu, bai: antzerkia, deus baino lehenago sorkuntza baldin bada, gure sozietatearen kultur lurralde eta ostertzak zabaldu ditzakeen sorkuntza bizia baldin bada, euskal antzerkia sendatzea, osatzea eta bizkortzea ezin garrantzizkoago helburua da; lehenengo, euskal antzerkigintzan ausartu, sartu eta sortu nahi duenarentzat, eta gero, euskaldungoarentzat. Norbanako izateko. Herri izateko. Norbanako izanez herri izateko. Eta herri izanez norbanako izateko. Antzerkiak bizi gaitu eta bizi beti, beraz. Bedi. Beti».
Erantzun bikaina
Giro ederra nagusitu zen herrian egun osoan zehar. Goizean Galder Perez eta May Gorostiagak emandako tailerretan jende mordoxka animatu zen, eta ondoren, 60 bat lagun bildu ziren gaztetxean bazkaltzera.
Arratsaldean eguraldiak kaskartzera egin bazuen ere, kalejira koloretsua egin zuten batukadarekin jendea zirikatuz, eta antzerki ikuskizunek ere erantzun polita izan zuten. «Honela eskertzen diegu antzerkizaleei, giro bat bilatzen genuen eta giro hori lortu dugu», azaldu zuen Alex Tellok, Usurbilko Txerriki taldeko kideak.
Urtero banatzen duten Antzerkizale Saria, berriz, aurtengoan Azpeitian banatuko da azaroaren 10ean, antzerki topaketen baitan.