GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Boulder | Jarduera bikaina

Tomoko Ogawa, 8b+ egin duen lehen emakumezkoa

Eskalatzaile japoniarrak «Catharsis» blokea egin berri du; hots, 8b+ egin duen lehen emakumezkoa da. Dai Koyamada izan zen lehena Shiobaran (Japonia) dagoen bloke hori egiten, eta Ogawa azken 3 urteotan gogor borrokatu da; izan ere, ehunka saio behar izan ditu.

p040_f01_148x236.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Behin baino gehiagotan aipatu dugu kirol eskaladan emakumezkoak dagoeneko 9a zailtasunera iritsi direla. Gogorarazi dizuegu ere blokean nesken maila gorena 8b dela. Bada, eskaladaren azken modalitate horretan espezialista ezezagun batek urrats ederra egin du. Bere izena Tomoko Ogawa da. Japoniarra da, eta 34 urte ditu. Eta helarazi duen berriak dio «Catharsis» blokea (V14 edo 8b+, Shiobara, Japonia) egin duela. Hots, zailtasun hori egin duen lehen emakumezkoa da Ogawa.

Ekarpen horri esker emakumezkoen boulderreko zailtasunak beste urrats bat egin du. Kosta egin da, baina azkenean 8b+ gradura heldu dira. Aipatu dugun bezala, orain arte 8b zailtasuneko blokeak egin dituzte. Eskalatzaile ezagunak dira: Barbara Zangerl («Pura vida», Magic Wood, Suitza, 2008), Angie Payne («The Automator», RMNP, AEB, 2010), Anna Stohr («The Riverbed», Magic Wood, Suitza, 2010) eta Ashima Shiraishi («Crown of Aragorn», Hueco, AEB, 2012).

Lerrootako protagonistak, berriz, ohikoa ez bada ere, jauzi handia eman du bere ibilbidean; izan ere, bere kideek ez bezala, ez du 8b graduko blokerik poltsikoan. Gehienez, 8a+ zailtasuneko pare bat; «Caramba» (Shiobara) eta «Mutante» (Kanoto). Biak ala biak Japonian bertan eginikoak. Alabaina, bere herrialdetik kanpo ere jardun du, besteak beste, Fontainebleaun (Frantzia) eta Rocklandsen (Hegoafrika), eta handik hainbat 8a ekarri ditu.

Beraz, 8b+ gradua egiten lehen emakumezkoa dugu Ogawa. Helburu horretarako «Catharsis» blokea aukeratu zuen. 2005. urtean zabaldu zen, eta hori egin zuen lehena aski ezaguna den goi mailako espezialista japoniarra izan zen, Dai Koyamada. Beste espezialista handi batek, Daniel Woods estatubatuarrak, joan den otsailean errepikatu zuen. Eta biek ala biek 8b+ maila dela baieztatu dute.

Hori bai, Ogawak temati eta burugogor jardun du «Catharsis» blokean. Inolako zalantzarik gabe, gogor borrokatu da; izan ere, hiru urte behar izan ditu korapiloa askatzeko. Japoniarrak berak baieztatu duenez, 30 -40 egun eman ditu lanean, eta horietan ehunka saio egin ditu.

Japoniak maila handiko blokeko espezialistak eman dituela inork ez du zalantzan jartzen. Orain Ogawa dugu nazioarteko erreferentzia nagusietarikoa; bederen, emakumezkoen artean. 22 urte zituela hasi zen eskalatzen. Garai haietan blokea eta kirol eskalada uztartu zituen, baina egun boulderrak soilik eskalatzen ditu: «Gaur egun, astean zehar, gimnasioan pare bat saio egiten ditut. Eta astebururo arrokara irteten naiz. Eskuarki, Shiobara, Ogawayama eta Mizugaki eremuetan eskalatzen dut. Blokean topera nabil, kirol eskalada baino gehiago erakartzen nau. Orain arte, Dai Koyamadaren `Caramba' eta Yuji Hiramayaren `Mutante' izan dira egin ditudan bloke gogorrenak, biak ala biak 8a+ zailtasunekoak. Behin `Catharsis' poltsikoan dudala, beste erronka bati ekin nahi diot. Arantza handia daukat plakekin, eta, horregatik, izaera horretako xede gogor bat egin nahi dut. Horretaz gain, jakina, munduan zehar eskalatzeko irrikaz nago».

Aipatu dugu Ogawa ez dela batere ezaguna, eta eskalatzaileak berak eite hori azpimarratu nahi izan du: «Hainbat babesle dut, eta esan dezaket profesionala naizela. Baina argi dut nazioartean nire izenak ez duela oihartzunik. Uste dut inork ez nauela ezagutzen. Espero dut orain, behin `Catharsis' egin eta gero, blokeko protagonisten artean sartzea. Munduko Kopako probaren batean egon naiz, baina emaitza txarrak izan ditut».

Burugogorra

Lehen aurreratu dugu eskalatzaile japoniarrak 8a+ gradutik 8b+ zailtasunera egin duela salto. Eta gehitu dugu, hori ez dela batere ohikoa. Bada, Ogawak berak ere dio, apustu handia egin bazuen ere, erronka hori oso urruti ikusten zuela: «Erori handia duten blokeak gustuko ditut. Egia bihurtzeko ezinezko amets bat izan nuen: 8b+. `Catharsis' blokean lehen aldiz saiatu nintzenean, denek zioten ezinezkoa zela niretzat, besteak beste, 8b graduko blokerik ez nuelako. Baina oso burugogorra naiz, eta hiru urtean jo eta su jardun dut. Ehunka saio egin ditut, bai, baina azkenean ametsa egia bihurtu da. Une jakin batzuetan dena popatik bidaltzea pentsatzen nuen, baina lan gogorraren ondorioz emaitza iritsi da».

Ogawak jakin bazekien «Catharsis» bezalako bloke bat gainditu ahal izateko entrenamendu zehatzen bat egin behar zuela. Batez ere hatzak indartu behar zituen, eta horretarako campusean ordu piloa egin zituen: «Daniel Woodsen hainbat entrenamendu ikusi ditut, eta horri jarraitzea erabaki nuen. Hatzetatik zintzilik denbora asko pasatzen nuen. Plana zen hatzak luzatuta eduki, ondoren itxi eta gakotu, eta berriro ireki. Jakina, hori guztia gorputza zintzilik nuela. Era horretara hatzak indartu nituen. Horretaz gain gorputza zuzentzen hasi nintzen, pixka bat konkortuta bainuen. Sorbaldako giharrak landu eta sorbalda ondo geratu zitzaidan. Horrek guztiak urtebeteko lana eskatu zidan».

«Catharsis» blokeak lan eskerga eman diola argi dago, baina japoniarrak baieztatu du eginiko lanarekin oso gustura dagoela. Ogawak era honetara azaldu ditu egin berri duen bloke gogorraren nondik norakoak: «Lehen sekzioak hainbat zulo ditu, eta indartsu egin behar da tira. Azken sekzioa, aldiz, dinamikoa da. Erori handia du eta hatzek lan eskerga egiten dute. Korapiloaren gakoa bosgarren mugimenduan dago. Eskuinerako hiru hatz sartzen diren zulo bat dago, eta ezkerrerako zulo txiki bat. Buruhausteak izan nituen, ez soilik hatzekin baita oinekin ere. Irtenune oso txarrak ditu. Oinak arrokan mantendu ahal izateko sabela urtebetez landu behar izan nuen. Hori lantzen futboleko entrenatzaile batek lagundu zidan».

temati

Bloke hori egin ahal izateko, Ogawak hiru urte behar izan ditu. 30-40 egunetako lana izan da, eta ehunka saio egin ditu.

lehena

Tomoko Ogawa 8b+ graduko bloke bat egin duen lehen emakumezkoa izan da. Japoniarrak «Catharsis» egin berri du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo