GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

O'Neill Coldwater Classic: 2012ko titulua jokoan da

O'Neill marka sortu zela 60 urte bete diren honetan, munduko lehiakide onenak Santa Cruzeko urautsian bildu dira eta 90eko hamarkadako txapelketetan bezala, munduko titulua bertan erabaki daiteke.

p044_f01_148x104.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

WCT itzuliko bederatzigarren proba abian da, Kalifornia iparraldeko ur hotzetan, eta aurtengo titulua nork eramango duen bertan erabaki daiteke.

Horrez gain, datorren urteari begira ere oso garrantzitsua izango da txapelketa hau, izan ere, goi mailako zirkuituan jarraituko duten lehiakideak nortzuk izango diren jakiteko proba erabakigarria izango da.

Guztira 36 dira Santa Cruzeko eskuin olatu famatuan lehian ari diren surflariak. WCTko lehiakideen zerrenda osatzen duten 34 surflariei beste bi parte-hartzaile gehitu behar zaizkie.

Bata, antolatzaileek gonbidatu dute, Jason Ratboy Collins, 38 urte dituen bertako surflari ezaguna. Eta bestea, Nat Young, Trialsetan irabazi ostean goi mailako surflariekin lehiatzeko wildcarda lortu duen Santa Cruzeko 21 urteko surflaria.

Pasa den ostegunean hasi zen itzuliko azken-aurreko txapelketa honek azaroaren hamaika bitarteko epea du txanda guztiak egiteko. Orain artean lehen erronda bakarrik egin dute, beraz aste honetan zehar ikusi ahal izango dira gainerako txanda guztiak.

Momentu honetan bost dira aurtengo titulua eskuratzeko aukerak dituzten lehiakideak, lehen bost postuetan diren surflariak alegia; Joel Parkinson (AUS), Kelly Slater (USA), Mick Fanning (AUS), John John Florence (HAW) eta Adriano de Souza (BRA).

Pipelinen egiten den itzuliko azken txapelketa egin aurretik, aurtengo titulua eskura dezake Joel Parkinsonek, baina hori gerta dadin, bi baldintza bete behar dira. Lehenik eta behin, Parkok irabazi beharko luke Santa Cruzeko txapelketa, eta bigarrenik, Kelly Slater eta Mick Fanningek ez lukete 13. postua baino emaitza hoberik lortu beharko.

Bi baldintza horiek betetzen badira, bera izango da 2012ko irabazlea, zeren ez dago Parko garaitzeko adina puntu bildu ahal izango dituen beste lehiakiderik rankingean.

2000. urtean, Santa Cruzeko O'Neill Coldwater txapelketa Parkinsonek berak irabazi zuen, beraz esperientzia badauka Kaliforniako ur hotzetan. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira ordea, Pipelinen erabakiko da 2012ko titulua, beraz Parkinsonentzat berebiziko garrantzia duen txapelketa da honakoa.

Gainera, kontuan izan behar da azken hamarkadan beti puntako postuetan izan arren, inoiz ez duela munduko titulua eskuratzerik lortu australiarrak.

Aurtengo sasoia amaitzeko bi txapelketa baino ez dira falta eta lehiakideek ahalik eta emaitza onena lortu nahi dute urtea amaitzeko; izan ere, aurten lortzen dituzten emaitzen arabera erabakiko da datorren itzuliko lehiakideen zerrenda zein izango den.

2013ko WCT itzuliko lehiakideen zerrenda osatzeko ohiko irizpideak hartuko dira kontuan. Alegia, lehenik eta behin, aurtengo WCT itzuliko lehen 22 postuak eskuratzen dituzten lehiakideak izango dira hurrengo urtean ere WCT zirkuituan.

Bestalde, ASP ranking orokorrean lehen hamar postuak lortzen dituzten lehiakideak izango dira. Alegia, aurtengoan WQS mailan lehian izan diren surflariak igo daitezke WCT zirkuitura.

Eta azkenik, ASP erakundeak, urtero bezala, gonbidatu gisa eskainiko dituen bi wildcardak eskuratzen dituzten surflariak izango dira. Beraz, guztira 34 lehiakidek osatuko dute goi mailako zerrenda datorren urtean ere.

Santa Cruzeko txapelketari azaroaren 2an eman zioten hasiera. Hain justu ere, Andy Irons lehiakide bikaina hil zela bi urte betetzen ziren egun berean.

Surflari zenduaren oroitzapena presente izan zen egun osoan zehar, eta lehiakideek ere, hari eskaini zizkioten txandako olaturik onenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo