GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Albiste bat zer den

 

Surflari Ernegatua

Cocoa Beachen, azaleko minbiziari aurre egiteko asmotan, Slater anaiek antolatutako txapelketa bat egiten ari ziren. C.J Hobgoodek irabazi zuen eta lehia amaitzearekin batera, «Sandy» iritsi zen askatasuna estatua bat den hiri famatura. Arbolak bota, eta zaborrak oraindik eta gehiago zabaldu zituen arratoiak nagusi diren espaloietan. Eta metroko ibilbide estuetan bi marrazo agertu ziren.

Bidaia txartelak hartzeko makinarekin borrokan zebiltzan, makina madarikatu horiek, ez baitira bost hatz ez dituztenentzat eginak.

Zoologikora eramango zituen orgadia bidean zen. Handik ihes egin ahal izango zuten, Rockaway Beach, Coney Island edo Jacob Riis Parkeko ur gazi eta gardenetara.

Ilaran zain zegoen Clark Kent kazetari estralurtarrak, hegan egiteko elastiko urdina eta kapa gorria janzteko astirik ezean, errenkan zetorren ikasle gazte baten galderak erantzuten zituen. «zer da albiste bat?», eta patxadaz erantzun behar zuen supermanek, Metropoliko «Daily Planet» egunkarian, beste edozein lankidek egingo zukeen modu berean.

Une berean, ordea, munduko hiri nagusia, eskubideak denak eta betebeharrak batere ez dituen nerabe belaunaldi batek hartzen zuen mendean. Twitter bidez.

«Begira, zakur batek gizon bati hozka egiten badio, hori ez da albiste bat. Gizon batek zakur bati hozka egiten badio ordea, hori, albistea da», zioen, segundo gutxi batzuk barru Brooklyneko kaleetan erortzear zen burdinazko garabi astun bat jasotzen izango zen erreportari kryptondarrak.

Antilletan sortzen ziren urakanei, data eguna kontuan hartuta, santuen izenak ezartzen zizkieten garaiak urrun dira. Zurrunbilo anitzek, alfabetoko edozein letrarekin hasten diren izenak behin eta berriz xahutu dituzte, bai gizonezkoak, baita emakumezkoak ere. Eta Karibeko irletatik, urtero, pirata haizeak datoz, gezurren hirian lur hartzera.

Oraindik norbait konturatu ez bada ere, testu hau fikziozkoa da, New Yersey, Philadelphia edo Queensen atera omen dituzten zenbait irudi bezala. New Yorkeko metroko bi marrazoak, bururik gabeko askatasunaren estatua, hondamendiaren erdian igerian agertzen diren McDonaldseko kafesne tazak eta antzerakoak, Twitter bidez sarean zintzilikatu dituzten argazki faltsuak dira.

Hiriko maratoi ospetsuarekin batera, Photoshop argazkiak, berriak egiaztatzeko ohiturarik ez duten propaganda komunikabideetan albiste izan dira. Eta ez pentsatzeko hezi duten irakurlearengan espero daitekeen eragina izan dute, beste edozein egiazko irudik baino sona handiagoa izan dutelarik.

Artean, azal minbizia sendatzeko bildutako dirua haizeteak eraman du. Eta marrazoek billeteak hartzeko ilaran zain zegoen ikasleak haien gainera salto egin, eta hozka egin die, bati isatsean eta besteari hegatsean, eta ahotik odola dariola, berriz galdetu du, «zer da albiste bat?». Marrazoek erantzun dute tonu sosegatuan: «Albiste bat, herritarraren arreta desbideratzeko, Twitter bidez zabaltzen den mezu faltsu bat da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo