GARA > Idatzia > Euskal Herria

Astigarragan dute parrillarik onena eta Lasarte-Orian burruntzirik hoberena

Astigarragako Astarbe sagardotegiko Hur eta Joseba Astarbe nagusitu dira Donostian egindako Euskal Herriko parrilla lehiaketan. Burruntzi lehiaketari dagokionez, Lasarte-Oriako Joxean Lasa eta Juantxo Prietok lortu zuten txapela bereganatzea.

p018_f02_148x108.jpg

Martxelo DIAZ | DONOSTIA

Astigarragako Astarbe sagardotegian egiten dute Euskal Herriko txuletarik eta legatzik onena parrillan. Hori erabaki zuten behintzat Donostian asteburu luze honetan zehar egin den txapelketan.

Hur eta Joseba Astarbe izan ziren Trinitate plazan jarritako oholtzara igo zirenak, Jakitea elkarteko presidente Xabier Zabaletaren eskutik txapela jasotzeko. Txapelarekin batera beste sari berezi bat ere jaso zuten Astarbe anaiek, Cruzcamporen garagardo bereziaren kutxa sorta eraman baitzuten Astigarragara.

Irabazlearen altuera osatzera iristeko behar adina garagardo kutxa jaso behar zituzten Astarbe anaiek. Eta bikotea izanda, bata bestearen gainean jartzeko ideia izan zuten, horrela garagardo gehiago eskuratzeko helburuarekin.

Eta lortu lortu zuten. Datozen asteotan seguru garagardo faltan behintzat ez direla ibiliko Astarbe sagardotegian.

Ostiralean eta larunbatean, beraz, parrillan aritzen direnak izan ziren lanean, eta atzo, aldiz, burruntziaren txanda izan zen Donostian. Hamabost bildots prestatu ziren, eta irabazleak Joxean Lasa eta Juantxo Prieto izan ziren, Lasarte-Oriakoak. Sei parte-hartzaile izan ziren lehiaketa honetan. Hauek ez zuten bata bestearen gainean jarri beharrik izan, txapelarekin batera kafea edonon egiteko makina eraman baitzuten etxera, Cafes Aitonak eskainia.

Donostiako Alde Zaharreko pintxo lehiaketa ere egin dute asteburuan Trinitate plazan. Eta saria ez zuten oso urruti eraman behar izan, plaza horren sarreran bertan dagoen Txuleta tabernako Andoni Esartek lortu baitzuen garaipena. Olagarro eta txipiroi burruntzi bati esker gailendu zen Esarte.

Etiopia laguntzeko

Euri zaparrada galanta bota zuen atzo eguerdian Donostian, baina hori ez zen oztopo izan Trinitate plazara hurbildu zen jendearentzat. Hiru euroren truke burruntzian egindako bildots puxketa eta tragoxka bat eskuratzeko aukera zegoen. Eta horri ezin zaio uko egin, euriak euri.

Bide batez, Etiopia Utopia elkarteak Afrikako herri horretako biztanleak laguntzeko bideratzen dituen programak bultzatzeko erabiliko dute atzo bildutako dirua.

Oihana Maritorena aktoreak aurkeztu zuen sariak banatzeko ekitaldia eta Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek alaitu zuten giroa.

Tartekia

Lehenengo paragrafoa.

Gainerako paragrafoak.

asetzeko adina

160 lagunentzako txuleta eta legatza prestatu behar izan zuten parrilla lehiaketan aritu zirenek. Burruntzian hamabost bildots erre zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo