GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

AEBei so

ETB2ko albistegiak hemengoa ez beste edozein lekutakoa ematen du. Aurreko batean, adibidez, ez dakit zenbat minutuz aritu ziren Madrileko makrokontzertuan gertaturikoaren berri ematen; ondoren, Katalunian gertaturiko sute bat zela eta ez zela; jarraian Espainiako ez dakit nongo beste ezbehar baten ingurukoa. Nazioartera egindakoan, segundo batzuk Sirian eman ondoren, «Sandy» urakanaren kronika luze-luzea. Alegia, hondamendi naturalaren ondorioak Estatu Batuetan, Haitin jasandakoak, esaterako, minutu batean baino gutxiagoan aipatu ondoren.

Pertsonen artean bezala, herrialdeen artean ere badaude klaseak, eta hedabideen aldetik jasotzen duten arreta horren adibide paregabea da, eta lotsagarri samarra ere bai. «Sandy» gora eta behera, hauteskundeak atzera eta aurrera, nazioarteari eskainitako atala beteta. Izan ere, AEBak dira herrialdeen arteko hierarkian lehenak, King of the World eztabaidaezinak. Eta han gertatzen denari erreparatzeak etor dakigukeenaren ideia bat egiteko balio ahal digu, gauza askotan. Presidentetzarako hauteskundeak dituztenean, are gehiago, nor aterako mundu osoari eragin diezaiokeen -eta eragingo dion- heinean.

Bihar jakingo dugu hori, baina mundu osoaren begirada gainean duen duelu hori ebatzi bitartean, badirudi Obama izango dela berriz ere zaldi irabazlea. Besteak beste, adituen iritziz, «Sandy»-k, hain zuzen, dezente lagundu diolako, hondamendiak herritarrengan eragindako premia eta kezkek bestelako batzuk estali dituztelako, eta Obamak azkar eta egoki erreakzionatzen jakin duelako. Hori diote, behintzat. Badiote, era berean, kanpaina amaigabe horren azken txanparen bereizgarria emakumeen botoa erakartzea izan dela: Obamaren kasuan, duela lau urte emakumeengandik jasotako babesari eusteko; Romneyrenean, berriz, zalantzati bihurtu direnena eskuratzeko, AEBetan horren famatuak diren estatu pendularrekin (alderdi batekiko joera garbirik ez duten horiekin, batera egin edo bestera egin hauteskundeak erabaki ditzaketenekin, presidentegaien ahalegin bereziak jasotzen dituztenekin) aritzen diren bezala.

Bada, horretan ere, Obamak jaso du oposizioaren laguntza handia. Besteren artean, alderdi errepublikanoko zenbait kidek botatzen dituztenak («Bortxaketa osteko haurdunaldiak Jainkoak hala nahi duelako gertatzen dira») garbi uzten dutelako berdintasunean eta emakumeen eskubide osoen defentsan aurrera egitea ez dela alderdi horren funtsezko kezketariko bat. Lasaigarria litzateke AEBetako emakumeek euren eskubideen alde egiten duenari ematea botoa, masiboki. Ondoren, legealdian, esandako guztiak bete ditzan, abortuaren kontu arantzatsua barne -azkenaldian pil-pilean herrialde hartan-.

Lasaigarria litzateke Alderdi Errepublikanoak ez irabaztea, arrazoi askorengatik, eta ikaragarria, aldiz, neurri handi batean emakumeei esker irabaziko balu. Munduko gainerako emakumeok eskuak burura bota beharko genituzke, King of the World herrialdean hazten utzi ez eta zapaltzen gaituztenen aldeko babesa, handik datorren gauza asko lez, hedatu egin daitekeelakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo