GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hezkuntzako murrizketen ondorio kezkagarriak

Dereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako 57 zuzendarik osatutako NIZE elkarteak Nafarroako Hezkuntza Sailari jakinarazi dizkion datuak ez dira harrigarriak, Administrazio horrek irakaskuntzan ezarritako murrizketak ezagunak baitira; baina onartezinak dira, zentro bakoitzean neurri horiek izan dituzten ondorioak ezin kezkagarriagoak direlako. Onartezinak, hezkuntza publikoa eskubidea eta, beraz, lehentasuna dela uste duenarentzat behinik behin. Horregatik, ondorio horiek egunero jasaten eta ondoen ezagutzen dituzten profesionalek bertan behera uzteko eskatu dute eta eskatzen jarraituko dute. Geletako masifikazioa, irakasleek zuzenean eskola ordu gehiago eman behar izatea, lanpostuak galtzea, ordezkapenen murrizketa... labur esatearren, irakaskuntzako langileen lan baldintza eskasagoak eta langabeziaz gain, irakaskuntza publikoaren kalitatearen kaskartze nabarmena. Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetan ere ondorio bertsuei aurre egin behar diete irakasleek, ikasleek eta horien gurasoek, gizarteak alegia, eta bi administrazioek muzin eta barre egiten diote haien salaketari jendaurrean irakaskuntza eta oro har zerbitzu publikoak bermatuko dituztela esaten dutenean. Izan ere, egikaritzen dituzten politikek haien lehentasunak beste batzuk direla erakusten dute, eta ez dira herritar gehienenak, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo