GARA > Idatzia > Euskal Herria

ANk Martini Lapurdin eginiko bi ekimen egozteak hautsak gehiago harrotu ditu

Aurore Martinen estradizioa dela-eta, urak ez dira baretu. Auzitegi Nazional espainolak Uztaritzen eta Baionan eginiko ekimenak leporatu dizkiola jakiteak, erreakzio soka luzea eragin du. Hainbat talde parlamentariok galderak aurkeztu dituzte Senatuan eta Asanblea Nazionalean.

p015_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Ipar Euskal Herriko panorama politikoak aztoratua segitzen du Aurore Martinen estradizioaren eta espetxeratzearen ostean. Atzo ere hainbat erreakzio izan ziren, Auzitegi Nazional espainolak Estatu frantsesean (zehazki Baionan eta Uztaritzen) egindako bi ekimen leporatu dizkiola jakin zenean. Eta hori Paueko Gorteak euroagindu prozeduratik espresuki erretiratzea deliberatu zuenean.

UMPko kontseilari nagusi Max Brisson izan zen erreakzionatu zuten lehenetarikoa. Bere esanetan, «Frantzian izandako jarduera politikoengatik Espainiara entregatu izana estatu eskandalua da».

Jean-Rene Etchegaray Baionako zinegotzi zentristak, ildo berean, honakoa adierazi zuen: «Epaile espainolak akusazio horiengatik epaitzea erabakiko balu, oinarrizko eskubideen kontrako mespretxu argia izango litzateke. Are, gaineratu zuenez, kasu horretan «gobernu frantsesa isilik geratuko balitz, giza eskubideen urraketa lotsagabe baten konplize bilakatuko litzateke» eta «historiaren aro ilunenetara itzuliko ginateke» .

Vallsen «ardura»

Bere alderdikide eta senatari den Jean-Jacques Lasserre ere «haserre» agertu zen. Bere iritziz, Vallsek «Martinen estradizioan duen ardura bere gain hartu» beharko luke, «ondotxo baitaki Iberiar penintsulan nolako giroan epaitzen diren afera hauek».

Bestalde, Senatuko talde komunistaren presidente Eliane Assassik interpelazioa zuzendu dio gobernuari, Martinen atxiloketaren nondik norakoak argitu ditzan eskatuz.

Halaber, Andre Chassaigne, Asanblea Nazionaleko talde komunistaren buruak galdera idatzia zuzendu dio Manuel Valls Barne ministroari. «Arrazoi politikoengatik» estraditatu izana «burujabetzaren kontra doan ekintza» izan dela nabarmenduta, Martinen askatasuna lortzeko zer egin behar duen galdetu dio bertan, bere «sumindura» agertu ostean.

Françoise Castex (PS) Europako Parlamentuko Afera Juridikoen batzordeko lehendakariordea ere Aurore Martinen kasuaz arduratu da. Lehentasunezko galdera pausatu du euroaginduaren aplikazioari buruz, eta batik bat, militante abertzalearen kasuari lotuta. Besteren artean, «inplikazio politikoak» dauden kasuetan «eta oinarrizko askatasunak bermatze aldera, salbuespenak» planteatzeko komenigarritasuna aipatzen du.

SINADURA BILKETA

Bake Bideak herritarrei dei egin die hautetsiek François Hollande presidenteari igorritako gutuna izenpetzera, helbide honetan: www.petitionpublique.fr/?pi=P2012N31490.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo