GARA > Idatzia > Euskal Herria

Emakumeen pobrezia hamar urtean %35 hazi da Ipar Euskal Herrian

Secours Catholique-Caritas egiturak urteko pobreziaren datuen balantzea egin zuen atzo, eta hamar urteko bilakaera ere jarri zuen mahai gainean. Emaniko datuen arabera prekarietatea egonkortu egin da. Emakumeak dira Ipar Euskal Herrian arreta eskatu duten gehienak.

p019_f02_36036.jpg

Ainize BUTRON |

«Lurralde honetan pobrezia egonkortu egin da», azaldu zuen Philippe Elizalde Secours Catholique (Caritas) erakundeko lekuko lehendakariak, urteko balantzearen berri ematerakoan. Aurten, hamar urteko balantzea egitea erabaki dute, eta Ipar Euskal Herriaren bilakaera aztertuta daturik esanguratsuena emakumeen pobreziari dagokio.

Elizaldek atzo adierazitakoaren arabera, hamar urtean emazteen pobreziak %35 egin du gora. Eta iazko datuen arabera, lekuko Caritasek lagundutako familien %54 emazteak ziren, eta horietan %35 amak ziren.

Pobreziak, berez, ez du gora egin azken urteotan, Caritasek harrera egin dien familien kopurua berdintsua baita aurreko urteekin alderaturik. Baina familien «egoera nabarmen andeatu» dela argitu zuen Elizaldek.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, arazoak gehienbat etxebizitzaren prezioari lotuak dira. Hala nola, Akitania eta Estatu frantsesa alderatuz, etxebizitza sozialen alokairuak garestiago dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan (288 euro, batez beste). Etxebizitzaren gastuari ura eta elektrizitatea gehitu behar zaizkio. Uraren prezioa, hamar urtean, %38 garestitu da, eta argindarra, berriz, %48. «Soldatek %3,5eko emendatzea baizik ez dutela izan jakinik, erraza da ulertzea zergatik dagoen prekarietatearen eta pobreziaren emendatze hori», gehitu zuen erakundeko lehendakariak.

Izan ere, aurreko urteetan ez bezala, Caritasek lagundu dituen familien %21 langileak dira, hots, duela hamar urte baino heren bat gehiago. «Batzuek kontratu prekarioak dituzte, beste, batzuek berriz, kontratu mugagabeak. Soldatek ez dute gehiago ahalbidetzen duintasunez bizitzea», nabarmendu zuen. Betiere datuak kontuan harturik, emakumeak gehien ukituak badira ere, erretiratuen kopuruak ere gora egin du. 50 urtetik gorako lagunen kopurua bikoiztu egin da hamar urtean.

Bestalde, Elizaldek nabarmendu zuenez, laguntzen dituzten familien %75 zerbitzu sozialek bideratzen dituzte horra.

2011n lagunduak izan diren 4.000 familietatik 1.137 Baionan kokatuak ziren, 207 Biarritzen, 381 Donapaleun, eta beste 1.000 Garazi eskualdean. 4.000 lagun horiek laguntza jarraitua izandakoak dira, baina Caritasek dituen zerbitzu guztiak aintzat hartuta, guztira 10.000 pertsonek jaso dute arreta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo