PSNk bat egin du UPN eta PPrekin, Nafarroako euskal komunikabideei legez ez laguntzeko
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Euskaraz ari diren komunikabideek diru laguntzak jaso ahal izateko Nafarroako «Vascuencearen legea» aldatzeko Bilduk egin zuen proposamena atzera bota zuten atzo UPN, PSN eta PP alderdiek.
Aitziber Sarasola Bilduko parlamentariak nabarmendu zuenez, Nafarroako Gobernuak errotik kendu ditu euskaraz aritzen diren komunikabideei bideratutako diru laguntzak. Horren ondorioz, hainbat komunikabidek ezin izan diote beren jarduerari eutsi, hala nola Ttipi-Ttapa telebista, Esan Erran irratia, Beleixe irratia edo Xaloa telebistak. «Legeak dio euskarazko komunikabideak babestu behar direla, baina hori ere ez duzue betetzen», esan zuen Sarasolak. Hala ere, 26 urteren buruan, «Vascuencearen legea» zaharkituta dagoela gaineratu zuen, Nafarroako jendartea nabarmen aldatu delako.
PSNko Roman Felonesek abstentziora joko zutela iragarri zuen. «Arazoa ez dago Legean, UPNk egiten duen aplikazioan baizik. Duela 26 urte esfortzu handia egin behar izan genuen Vascuencearen Legea onartzeko eta aldatu nahi bada, akordioa beharko da», esan zuen.
Euskarazko komunikabideen kontrako hitzik latzenak PPko Amaya Zarranzek erabili zituen. «Euskarak erabilera eskasa du. Komunikabideek euskara ez badute erabiltzen irakurleek ez dutelako ulertzen izango da. Bildu bozkatzen dutenek ere ez dute euskara etxean erabiltzen. Halere, Administrazioan euskaraz erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Lizunkeria eta manipulazioa da. Komunikabide hauek itxi badituzte jarraitzailerik ez dutelako da», bota zuen.