GARA > Idatzia > Kultura

«Gozategi All Stars», azken hogei urteotan euskal plazak dantzan jarri dituzten «hit»-en koktela

«Emoixtaxux muxutxuek...» lehen konpasak entzun eta zaila egingo zitzaigun mutu eta geldi egongo zen norbait aurkitzea. Hogei urteetako ibilbidean sortutako «hit» batzuk bildu ditu Gozategik, opari gisa.

p043_f01.jpg

A.E.| DONOSTIA

Orain hogei urte Orioko bi trikitilarik, Ainhoa eta Asier Gozategi anai-arrebek, herriko festetan «El tractor amarillo» eta antzeko kantak jotzen zituen Iñigo Goikoetxea urdiaindarrarekin topo egin zuten. Baserritar giroari lotutako musikari aire berriak eman nahian, «kajaderitmos» bat hartu -Asierrek atzo umorez gogora ekarri zuenez- eta hasieran Asier, Ainhoa eta Mikel «izen artistikoa» erabili zuten Gozategi bezala «bataiatzea» erabaki zuten arte.

Orduko ametsa -hamabost urteren buruan taldeak irautea- bete egin da, baita luzatu ere, aurten hogei urte bete dituelako Gozategik, bere curriculumean dituelarik makina bat kontzertu eta sei disko. Bidean, taldea aldatu egin da: batzuk joan dira -2006an Ainhoak taldea utzi zuen- eta beste batzuk etorri -zuzeneko emanaldietan zazpi bat musikari, horien artean bi tronpeta, igotzen dira oholtzara-, baina ametsak, zuzenean duten freskotasunak eta Gozategiren ondo pasatzeko «errezetak» bizirik diraute.

Opari gisa, bai propio beraientzat, bai dituzten jarraitzaileentzat, «Gozategi All Stars, 1992-2012» (Elkar) kaleratu berri dute. Hainbat eztabaidaren ostean, 30 kantatik 13 aukeratu dituzte, zuzenean gehien funtzionatzen duten kantak, alegia. Zaharrena «Norki» fandangoa da, eta aukeraketan «Nirekin» -«ateak zabaldu zizkiguna», Asierren hitzetan- edo «Porronponperoren» bertsio apurtzaile eta euskalduna -«Nor nori nork»- aurkitu daitezke eraberriturik. Taldeak berriro grabatu ditu, Ainhoaren ahotsarekin eta Mikel Irazoki baxu-jotzaile eta musikari beratarraren laguntzarekin, dantzagarritasun eta gaurkotasuna areagotuz.

Hasi zirenetik musikaren munduak aldaketa asko jasan ote dituen galdetzean, «traba gehiago» daudela aipatzen dute: «Lehen, hurrengo ostiralean kontzertua egitea bururatzen bazitzaizun, kartel batzuk jarri eta bete egiten zenuen; orain, paper eta baimen mordoa eskatzen dizkizute». Dena den, Gozategik ez du arazorik: «Ordu txikitan kontzertua eman, Gernikan bezala, eta plaza bete-betea zegoela ikustea izugarria da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo