Joxe Azurmendi: «Herri bat bere barrutik puskatua gara»
Joxe Azurmendi idazle, filosofo eta euskaltzaleak 2012ko Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jasotzean desio hau adierazi zuen: «Euskal Herriko komunitatea bakean eta elkarren laguntasunean bizi ahal izatea».
Amaia EREÑAGA | DONOSTIA
Eusko Ikaskuntzaren Saria banatzeko ekitaldia seriotasun osoz burutzen da urtero. Egia esan, gurean kultura eta zientziaren alorrean banatzen den sari nagusietakotzat har daiteke, bai sarituen itzal handiagatik -haien obra osoari «Euskal Herriko garapen kulturalean modu eraginkorrean lagundu behar izan duela» eskatzen zaio-, baita epaimahaiaren osaeragatik ere, bertan Euskal Herriko zazpi unibertsitatetako errektoreek parte hartzen dutelako, hala nola EHU/UPV, UNED, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustukoa, Pau eta Aturriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea. Maria Bayok, Bernando Atxagak, Nestor Basterretxeak, Luis Villasantek edo Julio Caro Barojak, besteak beste, jaso izan dute sari hau 1995ean eratu zenetik. Atzo iluntzean, Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) idazle oparoa -aurten bi entsegu argitaratu ditu, «Bakea gudan», «Barkamena, kondena, tortura. Estatua kontzientzien kontrolatzailea»-, filosofo deserosoa eta euskaltzale konbentzitua zerrenda horretara gehitu zitzaion.
Donostiako Miramar jauregiko atetik sartu eta korridore luzeetan aurrera eginez -«lurrean margotuta dagoen marra beltzari jarraitu», zioen atezainak-, labirinto musikatu batean sartu izanaren sentsazioa ezin bazterturik -Musikeneko egoitza da, eta ikasleak entseatzen ari ziren hainbat gelatan-, azkenean, lehen solairuan Joxe Azurmendik Eusko Ikaskuntza Saria jasoko zuen aretoarekin egin genuen topo. Bertan, unibertsitate eta euskalgintzako partaideak, eta batez ere «Jakin» aldizkariko eta Elkar argitaletxeko kideak. Hiru erreferentzia hauek Azurmendiren ibilbide luzearen ardatz izan direla esan daiteke. Biografia ezin laburbilduzkoa du gizon honek, Euskal Herriko Unibertsitatean 30 urte egin baititu euskara hutsean Filosofia irakasten -gaur egun katedradun emeritua da-, eta Euskal Herriko intelektualik handienetakoa da. Baina, Iñaki Dorronsorok, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak aipatu zuen legez, «korrontearen alde joan gabe, argi eta kameren distiratik urrun, alea lastotik bereizteko euskal intelektual kritikoaren galbahea erabiltzen duen» gizona dugu Azurmendi. Zazpi unibertsitateetako errektore eta errektoreordeen diskurtsoaren ostean, «zegamar alemanak» hitza hartu zuen. Prestaturik zuen diskurtsoaren erdia besterik ez zuen irakurri, gaztelaniaz idatzia zuena, eztarria hartua zuelako, baina «medikuak ez dizuedala kutsatuko esan dit», adierazi zuen txantxetan.
Joxe Azurmendik umiltasunez hartu zuen saria, bere hitzak, hasieratik bukaeraraino, euskalgintzan berarekin batera edo aurretik aritu direnen lanaren aitorpena bihurtu nahi izan zituelako. Atzera begira egiterakoan, eta «diktaduraren antzutasun intelektualaren» gainetik, «gerraosteko belaunaldiek maisu handiak izan ditugula» esan zuen. Barandiaran, Lekuona eta Caro Baroja aipatu zituen -ofizialki ukatutako herriaren jakinduria erakutsi zietelako-, baita Orixe, Koldo Mitxelena eta Villasante ere, baina bere garaiko intelektualak ere bai, hala nola Federico Krutwig, Jon Mirande, Gabriel Aresti eta batez ere zendu berri den Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.
«Herri bat gauza askok egiten dute -jarraitu zuen Juanmari Torrealdairen ahotsean-, eta oroz gain hizkuntzak eta lanak». Azken honi dagokionez, lanaren ikuspegi txarra ekarri zuen gogora, VI. mendetik hasita, non esku-lana eta buru-lanaren arteko bereizketa egiten baitzen. Errenazimentuan lanaren duintasuna deskubritu zenetik, marxismotik pasata eta gaur egunera arte, ardura nagusia lana nola gizatiartzea izan da. «Lana bera ez da askatasuna: aitzitik, gehienetan lotura bezala sentitzen dugu, eta bera ere askatu eta humanizatu beharra daukagu. Baina miseriatik askatu eta premia materialaren asea ekarri ez ezik, komunitatea lotu, askatasun pertsonalari eta familiarrari, herriaren askatasuna eta ongizateari oinarria ipini, berak egiten du».
Eta komunitate horren euskarria, euskara. «Hizkuntza hautua substantziala da gure kasuan -jarraitu zuen-. Herri bat gauza askok egiten du: lanak, historiak, musikak, tradizioek, klimak eta lurrak (mendiek, itsasoak, lautadak) eta batez ere hizkuntzak». Hizkuntzaren barnean faktore hauek guztiak eraginkorrak dira herria egiten, gehitu zuen. «Gure arazo gaitzena da, gure lana eta borroka, politika, ekonomia, informazio trukea, artea, ez direla gure hizkuntzaren barruan gertatzen ari. Herri bat bere barrutik puskatua gara. Gure identitatea puskatuta dago. Horregatik euskararen hautua ez da hizkuntza bat ala besteren hautu soila, jende baten eta herri baten hautua da; edo, hobeto, herrigintzaren hautua, herri desegin bat berregitekoa. Nahi duguna funtsean normalizazioa besterik ez da: Euskal Herriko komunitatea berriro bakean eta elkarren laguntasunean bizi ahal izatea, hau da, denok denekin eta denek denei elkar ulertuz. Hori da euskaltzaleon helburua».
«Berrogeita hamar urtetik gora daramat idazten, eta atzera begiratzen badiot nirea omen den obra horri, egiaz autore asko dauzkala ikusten dut», aipatu zuen Azurmendik esker oneko diskurtso batean. «Jakin» aldizkariko lagunak, Elkarreko langileak eta, oro har, bere ibilbidean izan dituen maisu, kide eta erreferentziak aipatu zituen.