GARA > Idatzia > Kultura

Deustuk eta Euskaltzaindiak euskara ardatz duen lankidetza hitzarmena sinatu dute

GARA | BILBO

Deustuko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak euskararen esparruko lankidetza proiektuak garatzeko hitzarmen bat sinatu zuten atzo. Honi esker, doktoretza ikasten ari diren ikasleek -baita beste gradu batzuk ikasten ari direnek ere- praktikak egin ahal izango dituzte Euskaltzaindiaren egoitzan, Luis Villasante Euskararen Ikergunean zein Euskal Akademiaren ordezkaritzetan.

Gainera, bi erakundeek dituzten ikerketa-funtsak, artxiboak eta liburutegiak partekatuko dituzte mekanismo egokiak garatu ahal izateko eta bakoitzak duen informazioa garatzeko. Horrela, akatsak zuzentzea eta erabilera bultzatzea espero dute.

Hala, elkarlana bultzatuz, biek burututako argitalpenak sustatuko dituzte eta ahaleginak egingo dituzte euskal hizkuntzaren inguruan ekoiztutako testuei ikusgarritasun handiagoa ematen.

Era berean, normalizazio proiektuak garatuko dituzte, eta horretarako teknologia berriak erabiliko dituzte. Euskaltzaindiak bere webgunearen bidez lexiko batuaren, arauen, izendegien eta onomastikaren arloetan hartutako erabakien berri izateko bideak erraztuko ditu.

Deustuko Unibertsitateak, berriz, ikastaro, mintegi, jardunaldi eta aholkularitzetan Euskaltzaindiaren irizpideak jarraitu daitezen saiatuko da, eta hauek zabaltzen ahaleginduko da.

Azkenik, bi erakundeek elkarrekin, euskararen aldeko lankidetza politika bat oinarrian izanik, masterrak, graduondokoak, ikastaroak eta biltzarrak antolatuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo