GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mugitu-ko gose grebalariek gutuna helarazi diote Adif-i, proiektua geldi dezan

p018_f02_5851.jpg

M.P. | BILBO

Aurreko larunbatetik baraualdian daude Mugitu taldeko zenbait kide eta, atzo, gutuna helarazi zioten Adif Estatuko erakundeari, Euskal Herrian abiadura handiko trenbidearen eraikuntza lanak geldi ditzan.

Mugimenduko zenbait lagunek baraualdi hori hiri ezberdinetan abenduaren 1era arte luzatuko dute, «AHTk platera hutsik uzten digula salatzeko».

Bidalitako gutunean, AHTren kontrako plataformak azken urteetan erabilitako argudioak berretsi zituen, egungo krisi ekonomikoarekin loturiko argudio berriak gaineratuz.

Mugituren iritziz, AHT «gizarte eta ingurumen arloetan eragin itzelak izan eta izango dituen azpiegitura da. Lur emankor ugari eta kultur eremuak suntsitzen ari dira».

Ingurumeneko kalte ugariez gain, ekonomikoak ere aintzat ditu Mugituk: «Azpiegitura hau jendartearen gutxiengo batentzat izango da, eta obrari esker irabazle aterako diren bakarrak enpresa eraikitzaileak izango dira. Hori gutxi balitz, jakin badakigu eraikuntza lanetan diharduten langile askok lan baldintza oso gogorrak pairatzen dituztela», esan zuen atzo Bilboko Abando geltokian.

AHT eragiten ari den zorra ere aipatzen du gutunak, «Adifek 9.572 milioi euroko zorra gainditu duela» nabarmenduz. «Gainera, Sustapen Ministerioak Europari beste 1.000 milioiko kreditua eskatu dio Euskal Y-arekin jarraitzeko, berriro hipotekatuz.

Hori guztia dela-eta, Mugituk obra guztiak gelditzeko deia egin zuen, eta Adif-i «zorpetze publikoaren kaltetan burutzen ari den lan honekin jarraitzeko burugogorkeria» alde batera utz dezala azpimarratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo