Iñaki Balsategi Lz. de Araia | Analista
Hiru errepubliken eredua
Baltikoko herri mengelek zortzi milioi biztanle baino ez dituzte, gutxi gorabehera Euskadi eta Kataluniak elkarrekin dauzkatenak. Hortaz, baltikoar eredua probetxugarria suerta dakiguke gurearekiko alderatzen badugu bederen. Herri hauek, Estonia, Letonia eta Lituania alegia, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko (SESB) banakuntzan aurrea hartu zuten herrialdeak izan ziren, eta beraien independentzia moldatu eta antolatu zuten lehenak. Espainiar Estatuan zalantza izpirik ere ez da burujabetasun eta independentzia kontuetan nortzuk diren aurrea daramaten herrialdeak: Euskadi eta Katalunia.
Baina jarrai dezagun baltikoar eredua garatzen ondorioetara ailegatzeko. Estonia, Lituania eta Letonian, independentzia abian jarri bitartean eta hura iritsi orduko, oztopo ugari izan zituzten, besteak beste: biztanleriaren errusifikazioa; izan ere, eslaviar populazioa populazio osoaren %36 zen eta batez beste. Beste oztopo adierazgarri bat da SESBeko armadak hiru errepubliketan 14 dibisio zituela.
Hiru nazio hauek beraien ekonomiak birmoldatu eta beste era batean berrorientatu beharra zuten, energia eta komertzioan SESBekiko guztiz dependenteak ziren eta. Tinko eta gogorrak izan arren, herri horietan izan ziren independentzia prozesuak baketsuak izan ziren, bere biztanleriaren bozen gehiengo batek lagunduta (errusiarrak barne). SESB mailan ekonomiarik garatuenak osatzen zituzten eta horrek lagundu zuen askapen bidean, eragin zuzena izan zuen eta.
Arestian aipatu bezala, errusiarrak presente zeuden: zortzi milioietatik bi milioi errusiarrak ziren; Lituaniaren %9, Estoniako %28 eta azkenik, Letoniakoaren %34. Errusieraz mintzo zirenen portzentajea are eta handiagoa da. Errusiarrak hirietan bizi ziren batez ere: Estoniako hiriburu den Tallin hirian erdia baino ez dago estoniarrez osatuta; gauza bera Lituaniar hiriburu den Vilniusen. Letoniako hiriburuan, Rigan, %33 da letoniarra. Edozein modutan ere, 1.991 urtean antolatu ziren hiru herri kontsultatan errusiar jatorrikoek independentziaren gainean azaldu zuten jarrera harrigarria izan zen, errusiarrak baino bertokoak sentitu zirelako.
Hiru herri baltikoetan hiritartasun berria lortzeko betebeharrak finkatzeko, «Hiritarren komiteak» sortu ziren. Hiritarta- sunaren debatea funtsezkoa gertatzen da: hiru nazioek erabaki zuten hiritartasuna lehenik ematea Errusiarekiko anexioa eman baino lehen zeukatenentzat, hau da, 1940. urtean jada bazeukatenei eta bere ondorengoei eman zieten lehenik.
Eta bigarrengoz, jatorriz estoniar, letoniar edo lituaniarrak ez zirenentzat bi baldintza ezartzen zitzaizkien: alde batetik, erakutsi behar zuten bertoko hizkuntza zekitela eta, bestetik, lurralde bakoitzean denbora ezberdin bat bizi izana, herrialdearen arabera ezberdina zena.
Sarri askotan hainbat eredu ispilu bezala izaten dugu euskaldunok: nire ustez, Baltikoko herrialdeen eredua guztiz baliagarria zaigu, hainbat arrazoirengatik: espainiar Estatuko ekonomiarik garatuenetarikoa da gurea. Hemen ere, Francok lagunduta, espainifikazio bat eman zen edo saiatu zen ematen, baina Baltikoan gertatu bezala, espainiar jatorridunak eta ondorengoak integratu dira hein batean behintzat, eta litekeena da burujabetasun kontsulta batean baiezkoa ematea portzentaje handi batean. Euskal ekonomiak ere lotura zuzenak eta tinkoak ditu espainiar ekonomiarekiko. Gure gizartea militarizatuta dago era berean. Eta azkenik, emigrazio portzentajerik nagusienak gure hiriburuetan ematen dira era berean.
Begira dezagun Letoniako kasura, non bertoko hizkuntza jakitea eta 16 urtez bertan bizi izana eskatzen zen hiritartasuna lortzeko. Euskadin, momentuz, eskuzabalagoak gara eta ez da hori eskatzen, hemen bizi dena jada euskal hiritarra da. Eta euskarari buruz, zer esan? Nahikoak al dira orain arte hartutako neurriak? Berorrek hausnartu eta erabaki.