Su-etena nahitaezkoa da, baina soluzio justurik gabe gaurko asea biharko gosea izan liteke
Egiptoko presidente Mohamed Mursik aurreratu bezala, su-etena indarrean da jada Gazan. Dudarik gabe, palestinarren hilketa masibo eta programatuari akabera ematea, odol jarioa etetea ezinbestekoa da. Berri ona da oso. Baina aurrekariak eta Gazaren aurkako blokeo suntsitzailea ezagututa, palestinarren umiliazioa bere horretan mantenduz gero, oinarri sendorik gabeko neurri iragankorra izan daiteke. Izan ere, makina bat su-eten ezagutu dira, den-denak zapuztuak. Israelek ez du Hamas militarki garaitu, ez du nazioartean bakartu eta are, jada ez dauka, Mubarakekin bezala, «lan zikina» egingo dion morroirik. Israelek kontzentrazio esparru erraldoi bilaka dezake Gaza, militarki bere nagusitasuna inork ez dio eztabaidatzen, baina AEBen eta Europako hainbat estaturen begietara salbu, estatu «paria» bat izaten jarraituko du aurrerantzean ere. Garbiketa etnikoan oinarritzen den eta mundu mailan gorrotatua den “Goliat” bihozgabea.
Bi hamarkada luzeko negoziazio saioek porrot egin ostean, palestinarrentzat soluzio iraunkor eta justua ezinbestekoa da. Bestela gaurko asea –su-etena– biharko gosea –gerra berria– bilaka daiteke. Berriz ere, beste behin ere.