GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarrak elkarteak 30 urte darama herrigintza «demokratikoagoa» bultzatzen Urruñan

Arantxa MANTEROLA | URRUÑA

Duela hogeita hamar urte, herrigintza ikuspegi abertzaletik sustatzeko sortu zen Herritarrak elkartea eta geroztik makina bide «egina du eta oraindik ere egiteko du Urruñako herritarren beharrei erantzuteko». Horrela adierazi zuten, atzo, Beñat Elizondo eta Filipe Aramendi hautetsiek eta Ttotte Etxebeste eta Pantxo Teillier elkarteko kideek.

Orduz geroztik Urruña herria anitz aldatu dela esan zuten, biztanleen kopuruaren emendatzea (laister 10.000 biztanle izango dira) nabarmenduta.

Aldatu ez diren gauzak

Alta, badira, Elizondoren esanetan aldatu ez diren gauzak: «Eskuinak manatzen segitzen du eta kudeaketa hertsia da oso, nahiz eta Daniel Poulou, ia 25 urtez auzapez izan zenaren garaiak zinez gogorrak izan ziren, gure elkartea desagertarazten saitu ere egin baitzen».

Udal kudeaketa demokratikoagoa izan zedin ahaleginak eta bi egiten segitzen du Herritarrak elkarteak. «Lan anitz dago baina orain urruñarrek ezagutzen gaituzte eta errazagoa da politika egitea» gaineratu zuen zinegotzi abertzaleak, elkartearen urtemugarako hainbat ospakizun prestatu dituztela iragarri aitzin. Hala, azaroaren 30ean kultura, hizkuntza eta gazteriaz hitzaldi bat antolatu dute Posta gelan, 19.00tik goiti eta, ondoren bertso-pintxo gaualdia Berttolin.

Hurrengo egunean eta leku berean, beste mintzaldia izango da Ekonomia iraunkorrari buruz, goizeko 10.00tan eta arratsean Kantu afaria Xaia ostatuan.

Erdigunea berpiztea

Ospakizunak gorabehera, Herritarrak-ek laster batean gauzatuko den proiektu handi bat izan zuen hizpide, Urruñako erdiguneko birmildaketa eta berpiztea, hain zuzen ere. Abuztuko udalbatzan, lau zinegotzi abertzaleek ezkerreko hiru gainerakoekin kontra bozkatu zuten.

Filipe Aramendik jarrera horren arrazoiak azaldu zituen: «Gure ustez, Udal Gobernuak aurkeztutakoa egiaz, soilik birmoldaketa proiektu bat da eta gainera, behin eta berriro eskatu dugun arren, ez da ez herritarrekin eta ezta merkatariekin ere partekatua izan. Arbonako eredua jarraiki, eskatu genuen erreferenduma ere ez zitzaigun onartu. Horrez gain, saltoki txikietako merkatariei xantaia egin diete, proiektuari beren oniritzia ematen ez badiote, Herriko- etxeak lanetarako 230.000 euroko diru-laguntza ez duela jasoko esanez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo