Hazparneko zabortegira lur kutsatua bota izana salatu du Hazketa 2010k
GARA | BAIONA
Hazketa 2010 elkarteak Hazparneko zabortegia kudeatzen duen Bil ta Garbi sindikatuko presidenteari gutun bat igorri dio bertara eramanak izan diren kutsatutako lurren inguruko argibideak eskatzeko. Azaroaren 14ean 30 kamioi inguruk «ahulki kutsatutako lur edo mineral» 715 tona eraman zituzten Hazketa zabortegira. Lur horiek Baionako Marinadour eremutik heldu ziren Bil ta Garbik eman informazioaren arabera.
Zabortegiaren inguruan bizi diren bizilagunen elkarteak salatu duenez hondakin horiek bertara eramatea debekatuta dago. Hori dela eta kutsatutako lur gehiagorik ez eramatea eskatu du Hazketa 2010ek. Aldi berean, elkarteak ondoko galderak pausatu dizkio Bil ta Garbiko presidente den Alain Iriarti: «Zenbatekoa da Hazparnen sartutako tona kopurua? Zeintzuk dira azkarki kutsaturiko lurren helmuga? Zertan da lur guztien analisia? Lurren kutsadura kentzeko prozesu erangikorra gauzatuko dela nola bermatuko diguzu?».
Bil ta Garbiko presidenteari zuzenduriko gutunaren kopia bana igorri dizkie elkarteak Baionako su-prefetari, Eskualdeko Ingurumen, antolaketa eta etxebizitza zuzendaritzari (DREAL frantsesez), Hazparneko auzapezari, CADE kolektiboari eta komunikaideei.