Preso dagoenaren denbora irudikatzen duen spot poetikoa, urtarrilaren 12rako
«Denbora» izena du Lander Garrok, Eider Rodriguezek eta Gotzon Sanchezek aurkeztutako ikus-entzunezkoak, jaiotzen garenean ematen diguten gauza bakarra delako denbora. Horixe kentzen diote preso denari.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Urtarrilak12.com gunean ikus daiteke egun horretarako Herrira prestatzen ari den herri mobilizazio handiari egindako azken ekarpena, «Denbora» spota. Lander Garrok zuzendu du, Eider Rodriguezek gidoia idatzi, eta Gotzon Sanchezek eta Matxalen de Pedrok antzeztu. Juantxo Sardon izan da argazkilaria.
Bilbon izanen den manifestazioarekin bat egiten duen ekimen hau bertze hainbaten ondotik etorri da -Sarriren koplak, Unai Iturriagaren irudia, Josu Zabalaren kantua, Gotzon Barandiaranen «Herrira noa» dinamika kulturala, asteburuan Gernikan hasi zena...-, eta gehiagok jarraituko diote. Herrirak Garrori eta Garrok Rodriguezi proposamena egin zionean, azken honek «pixka bat izutu» zela aitortu zuen atzo Donostiako Anoeta hotelean egindako aurkezpenean. Zaila iruditu zitzaion «preso», «kartzela», «duintasun» eta hain «erabiliak eta manipulatuak» diren hitzei sinesgarritasuna eta egiazkotasuna ematea. Baina topatu zuen gakoa: poesia.
Bizar mardularen irudia
Garrok Sanchezekin lan egin nahi zuen eta Rodriguezi aktorearen izena aipatzean, hau bere bizar hori mardularen irudiaz oroitu zen. «Bizar horrek sinbolizatzen zuen kartzelan pasa den denbora».
Errenteriarrak adierazi zuenez, ohikoa da aurrez aurrekoetan deus ez dela gertatzen iruditzea. «Goxoak izaten dira bisitak normalean, ongi joaten dira, eta astero, hilero, urtero errepikatzen dira. Baina gauza asko gertatzen dira». Hori islatu nahi izan dute edonork doan eta libre jaits dezakeen bideoan.
Garrok erantsi zuen preso denari bere denboraren puska bat kentzen diotela eta bisitak izaten dituenean bere bizitza berreskuratzeko borrokatzen dela. Hor sartzen dira bideoan agertzen diren maitasuna eta aitatasuna. «Espetxean guk dugun bizinahi bera dagoela erakusteko modu bat da». Sanchezek azaldu zuen urtarrilaren 12ko puntu batekin lotura duela errandakoak, «jende dezente dagoelako denbora administratzen jarraitzen diotena, nahiz eta legalki ez lukeen hala izan behar».
«Gizartea alderdien oso aurretik doa», baieztatu zuen Herrirak UPNk, PPk eta PSNk ezarri dioten betoa ulertzen ez duela adierazteko idatzitako oharrean. Alderdiok Nafarroako Parlamentuko bilkura batean parte hartzea eragotzi diote. Asmoa espetxe politikak dituen ondorio larriak jakinaraztea zen, eta eskua luzatzea, «egoera mingarri hau denen artean konpontzeko». GARA