GARA > Idatzia > Kultura

«Sortuko dira besteak» ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian izango da datorren abenduaren 1ean

Euskal Herriko hainbat leku bisitatu eta gero, Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Petti, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz, Bernardo Atxaga eta Amets Arzallus biltzen dituen ikuskizun arrakastatsua Bilbora helduko da.

p049_f01_98x97.jpg

GARA | BILBO

Sasoi betean dauden zortzi euskal sortzailek hartzen dute parte abenduaren 1ean Bilboko Arriaga antzokiak hartuko duen «Sortuko dira besteak» ikuskizunean. Bertan, Euskal Herriko kanta klasikoak ez ezik, nazioarteko zenbait abeslari handiren doinuak ere entzungo dira euskaratuta, besteak beste Leonard Cohen, Jacques Brel, Pablo Milanes, Lorrena McKenitt eta Rolling Stones.

Kontzertuak beste hainbat une zirraragarri ere tartekatuko ditu; hala nola, Amets Arzallus bertsolariak eta Bernardo Atxaga idazleak ikuskizunerako berariaz prestatutako argitaratu gabeko testuak errezitatuko dituzte emanaldian.

Aukera paregabea dugu kontzertua, gainera, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Alex Sardui (Gatibu), Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaitz bezalako abeslariak beren errepertoriotik kanpoko abestiak interpretatzen entzuteko, bai aurreko belaunaldietako kantari klasikoei beren ahoskera eta airea emanez -Laboa, Lete, Lertxundi, Imanol-, bai nazioarteko hainbat kanta klasiko euskarara ekarriz -bestek beste, Jacques Brelen «Ne me quitte pas» eta «Amsterdam», Lluis Llachen «L´estaca», Jose Afonsoren «Tu gitana» eta Lehonard Cohenen «So long, Marianne»-.

Lete, akuilu

Ekitaldi honen jatorria «Xabier Lete gogoan» bira arrakastatsuan dago. Bira hori Euskal Herrian zehar egin zen iaz, zendutako poeta eta kantaria omentzeko. Orain, bigarren aldiz elkartu dira ekimenaren bultzatzaileak kontzertu kolektibo batean.

Xabier Letek berak abestuko zukeen bezala, lehen aldi hura «bilakatu zen bizigai». Hain zuzen ere, Leteren poesia betiko horretatik, mila bertsioz jantzi eta beti zirrara sortzen duen «Izarren hautsa» kantutik hartu dute emanaldirako goiburua, «Sortuko dira besteak». Hori egin dute kantariek: Letek hurrengo belaunaldiei egindako gonbidapena onartu eta aurretik izan ziren musikari eta sortzaileen lanari jarraipena emateko nahiari bide ematea. Abenduaren 15ean Gasteizko Principal antzokian izango dira, eta, 22an, Donostiako Kursaal jauregian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo