Analisia | Ameriketako ESTATU BATUETAKO SARI NAGUSIA
«Champion wanted»
Munduko Txapelketa amaitzeko lasterketa bakarra falta den honetan, egileak Austinen gertatutakoari errepasoa eman eta Vettel-Alonso lehiak urtean zehar emandakoa sakonki aztertu du.
Xabier ALZELAI | Probetako ingeniaria
Bien arteko borroka luze baten ostean, Hamiltonek 42. itzulian Vettel erraz aurreratzea lortu zuen, alemaniarrak lehengo sektorean denbora dezente galdu ondoren, Karthikenyanen HRT motelaren atzean. Lasterketa amaieran Vettelek indiarrari traba egin izana leporatu zion, nire ustetan arrazoi askorik gabe. Trabarik ez egiteko, Karthikeyanen aukera bakarra pistatik ateratzea zen, eta hori zentzugabekeria hutsa da. Gainera, pilotu guztien eta lasterketako zuzendariaren artean aurretik erabaki zuten auto motelek zazpigarren bihurgunera arte paretik kendu beharrik ez zutela sektore horretan. Hori datorren urterako zirkuitu honetan hobetu beharreko zerbait da, orokorrean puntako baliabideak dituen arren.
Hasieratik bazirudien Alonsok Brasilera aukerekin iristeko bezainbeste puntu lortuko zituela. Irteera indartsua burutu zuen, zazpigarren postutik laugarrenera salto eginez lehenengo bihurgunean, besteak beste zirkuituaren alde garbitik irtetearen abantaila aprobetxatuz. Hori Massaren zigorrari esker lortu zuen, abiadura-kaxaren aldaketaren ondorio bezala. Aldaketa hori ez zen teknikoki beharrezkoa, baina taktikoki bai, alde garbitik irteteko eta hasieratik postu bat irabazteko. Taktika hori ez doa arautegiaren aurka, zigorra araututa baitago. Massak berak kiroltasunez onartutako zerbait izan omen zen, Alonsori laguntzeko. Automobilismoa taldekako kirola da eta hortxe dago froga.
Hamiltonen eta Vettelen arteko borrokan, denboraldiaren bigarren zatian behin baino gehiagotan gertatutako zerbait behatu ahal izan genuen. Boxetako lehen geldialdiren aurretik Hamiltonek 0,5 segundo kendu zizkion Vetteli, DRS zonan zerbait egiteko aukera txiki batekin. Vettelen erantzuna indartsua izan zen eta bat-batean 3 segundoko abantaila lortu zuen aldaketaren aurretik. Alemaniarrak azkenaldian errepikatu duen estrategia da. Indartsu hasten da hasierako itzulietan, ondoren bigarrenarekiko diferentzia apur bat murrizten da, aldaketa baino bost itzuli lehenago diferentzia berriro luzatzeko. Diferentzia administratzeko modu horrekin bere pneumatikoak zaintzen ditu, jarraitzailearenak hondatzen dituen bitartean aurreratzeko ahaleginetan. Aurkariaren gurpilak azkenetan daudenean, azken golpe sendo bat ematen du, gordetako energia guztiarekin.
Iritsi da benetako momentua: lasterketa bakar batek erabakiko du 2012ko txapeldunaren izena. 1 Formulak txapeldun bat behar du, pilotuan artean lider berria izango dena. Bide luzea izan da, duda barik merezitako titulua irabazlearentzat. Vettel eta Alonsoren artean 13 puntu baino ez daude. Alonsok datorren igandean Brasilen irabazten badu, Vettelentzat laugarren postua lortzea nahikoa litzateke txapelketa eskuratzeko. Baina bi gidarietako zeinek egin du lan hobea 2012an zehar?
Aurtengo esperientziak erakutsi digu aldez aurreko konklusioek sarritan ez dutela ezer balio: RedBull autoen alternadore arazoak eta Alonsoren Spa eta Suzukako irteera-istripuak dira horren froga. Automobilismoan mota horretako gertaerak jazo daitezke eta jokoaren parte dira. Baina zortea ez da existitzen: denboraldi amaierarako pilotu bakoitzaren zorteak berdindu egiten dira. Vettelek Brasilen punturik lortuko ez balu, Alonsok gutxienez hirugarren bukatu beharko luke titulua lortzeko. Eguraldi iragarpenen arabera, euriak eragin garrantzitsua izan lezake datorren asteburuan.
Alonso pilotu sendo eta argia da. Badaki une bakoitzean zer behar duen bere egoera hobetzeko. Lider bat da eta taldearen motibazioa piztuta mantentzeko gai da, hasieran ezinezkoa zirudiena gutxienez posible bihurtzeko. Vetteli 13 puntuak kentzea ez da erraza izango, berak badaki hori, baina, behin honaino iritsita, ezin du amore eman. Vettel goi-mailako pilotua da, handien ligan jokatzen du, oraindik oso gaztea izan arren. Zalantza barik kirol honen historiako urrezko kapituluak idaztera bideratuta dagoen norbait da. Duela bi urte talentu bat zen, gaur errealitate da.
Ferrarik ez du lasterketa bat irabazi uztailetik (Alemania), ezta «pole»-a lortu ere. Agian beranduegi da, baina pasa den astean Ferrari Tarragonako zirkuitu pribatu batean izan zen test aerodinamiko bat burutzen, autoa garatzeko azken ahalegin gisa. Autoaren garapena izan da italiarren puntu ahulena, batez ere denboraldiaren bigarren zatian. Mercedesi antzeko zerbait gertatu zaio; ez dute garapen efektiborik izan denboraldiaren hasieratik.
RedBull-ek igandean taldeen txapelketa eskuratu zuen hirugarren aldiz jarraian. Datozen egunetan segur aski berriro zurrumurruak agertuko dira, RedBull-ek gainontzeko taldeek baino diru gehiago erabiltzen duela leporatuz. Agian egia da, baina ez dute inolako araurik hautsi. Tamalgarria dena da antolatzaileak eta taldeak oraindik ez direla ados jarri aurrekontuak kontrolatzeko sistemari buruz.
Normalean zenbakiek ez dute gezur handiegirik esaten. Badirudi Vettelek izan duela auto azkarrena aurten ere. Kalifikazioko emaitzei begiratuz, 19 probetatik 13 lasterketetan Vettel izan da bietatik azkarrena. Pole-arekiko distantzia behatuz, Vettel batez beste 0,43 segundora izan da, Alonso 0,60 segundora. Denboraldi hasieran diferentziak ez ziren horren handiak, baina Monza osteko sei lasterketetan Vettel Alonso baino 0,48 segundo azkarragoa izan da batez beste kalifikazioan.
Igandetan gertatu izan denari begiratuz, Vettel bost aldiz irten da pole-tik eta horietatik hirutan garaipena eskuratu du. Pole-tik atera ez den lasterketetan, zortzi alditan lortu du bere postua hobetzea, guztira 44 posizio irabaziz (22 + Abu Dhabiko 22ak). Ostera, bi lasterketetan postuak galdu ditu (hiru posizio Kanadan eta Alemanian), bi lasterketa ez ditu amaitu arazo teknikoengatik eta beste bat istripu bategatik (Malaysia).
Alonsok, aldiz, hamabi lasterketatan lortu du bere posizioa hobetzea, guztira 48 postu irabaziz. Kanadan eta Ingalaterran postuak galdu zituen, eta, Span eta Suzukan, istripu bana izan zuen. Bi aldiz irten da pole-tik eta horietako batean garaipena lortu zuen (Alemania). Batez beste Vettelek 2,75 posizio irabazi ditu lasterketako; Alonsok, berriz, 4,00 posizio. Horregatik mantendu da asturiarra amaierara arte borrokan.